Kokoteraino eta Ehun Kilo musika taldeek kontzertua emango dute Kultur Etxeko sotoan

Barren.eus 2018ko abe. 14a, 09:44

Kokoteraino taldearen maketak 25 urte bete ditu aurten, eta urteurren horren harira, taldea berriz elkartu da, kontzertu berezi bat emateko. Sinuösek antolatuta, gaur izango da kontzertua Kultur Etxeko sotoan. Taldearen sorreraz eta itzuleraz berba egin dute taldekideek BARRENekin.

 Maketako abestiak eta 1996an Elgoibarren ospatu zen Kilometroak jairako prestatutako abestia joko dituzte Kokoteraino taldekoek, besteak beste, 22:30etik aurrera Kultur Etxeko sotoan emango duten kontzertuan. Emanaldi bakarra eskainiko dute, eta saio berezia izatea nahi dute. Horretarako, Ehun Kilo taldea gonbidatzea pentsatu zuten, Kokoterainok beti izan diolako miresmena Ehun Kilo taldeari: “Heavy-a egiten zuten, euskaraz, eta guretzako sekulakoa zen Ehun Kilo”. Sarri ikusi zituzten zuzenean, baina sekula ez zuten elkarrekin jo. Gaurkoa izango da elkarrekin joko duten estreinako aldia, eta azkena. Nostalgiaz eta oroimenez beteriko gaua izango da gaurkoa.

 • Eta... “gitarra bat izango banegu...”

Orain dela 25 urte hasi zen guztia. Jose Mariren Jolas Aretoan ematen zituzten asteburuetan orduak Patxi Zabaletak eta Oier Gurrutxagak; orduak eta orduak. Nolabait esateko, denbora galtzen ari ziren sentsazioa zuten, beraiei musika gustatzen zitzaielako. Musika zuten pasio, eta uneoro diskoak eta cassetteak trukatzen aritzen ziren. Anestesia, S.A., Eskorbuto, La Polla, Kortatu, EH Sukarra, Su ta Gar, Ehun Kilo eta antzerako beste hainbat talde entzuten zituzten. Eta... “gitarra bat izango banegu...”, amets egiten zuten. Bada, amets hori egi bihurtu zen. Oier Gurrutxaga Eskola Kiroleko saskibaloi partidak arbitratzen hasi zen, diru pixkat lortu eta gitarra erosi ahal izateko. Patxi Zabaletari izebak oparitu zion estreinako gitarra, eta amak erosi zion anplifikadorea. Ondo baino hobeto gogoratzen dute non erosi zituzten lehenengo gitarra haiek: “Ermura joan ginen, eta dendan dizdira gehien egiten zuen gitarra erosi genuen. Talmus markakoa zen, eta 17.000 pezeta inguru balio zituen”, esan du Zabaletak. Gitarrarekin ateratako lehenengo argazkia ere ez zaio ahaztu: “Zuk atera zenidan”, bota dio Gurrutxagari. “Abenduaren 28a edo izango zen, eta etxeko pasiloan atera zenidan”.
1992. urtea zen. 15 urte zituzten, eta musika mundurako lehenengo pausoa eman zuten. Bigarren pausoa gitarra jotzen ikastea zen: “VHS bat erosi genuen, eta hari begira ikasi genituen gitarra jotzeko oinarrizko mugimenduak”. Patxi Zabaletaren amaren garajean biltzen hasi ziren, eta orduak pasatzen zituzten han gitarra jotzen, edo beraiek esan duten bezala, “zarata ateratzen”. Ez zitzaien, baina, motibaziorik falta, eta motibazio une horietako batean musika talde bat sortu behar zutela pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Iban Urizarren bitartez ezagutu zuten Iker Rodriguez: “Ikerrek bazeukan bere aitarena izandako anplifikadore bat; 80 watioko Mustang bat zen, sekulako aparatua, eta gurekin baxua joteko prest zegoen”. Bateria jolea bakarrik falta zitzaien: “Hori kostatu zitzaigun gehien, garai hartan ez zegoelako Elgoibarren bateria jole askorik”. Gorka Errezilekin jarri ziren harremanetan, eta hark esan zien bateria erostekotan zebilela, eta gainera, bere izebak bazeukala entseguetarako aproposa izan zitekeen lokal bat libre. Mundua ireki zitzaien begien aurrean. Bateria erostera animatu zuten Errezil, eta sei hilabetean prest zeukaten taldea. Nahitanahiez izena jarri zioten taldeari, eta izen horrekin egin ziren ezagun herriko musikazaleen artean.

Erreportajea osorik BARREN aldizkariko 1099. zenbakian -PDF-

2018 12 13 kokoteraino elgoibar 25urte barren