Jasone Osorok idatzi eta Mikel Cornejok ilustratutako ipuina argitaratu du Txankakuak

Barren.eus 2018ko abe. 12a, 15:18

Elgoibarko merkatarien elkarte Txankakuak 'Bera eta ezinezko oparia' izeneko liburua kaleratu du. Azaldu dutenez, herritarrak denda txikien garrantziaz sentsibilizatzea da Jasone Osorok idatzi eta Mikel Cornejoren marrazkiak dituen ipuinaren helburua. Doan banatuko dute ikastetxeetan eta Txankakuako dendetan.

"Denda txikietan eta herriko komertzioetan erosteak makina bat onura eta balio dituztela uste dugu, eta balio horietako batzuk islatu nahi izan ditugu Jasone Osorok idatzitako ipuinarekin, besteak neste, hurbiltasuna, konfiantza edo saltzailearen eta bezeroaren artean sortzen den harreman pertsonala", azaldu dute Txankakuako arduradunek Bera eta ezinezko oparia izeneko liburua aurkezteko eguerdian egin duten prentsaurreko agerraldian. Aurreko ideian sakonduz, merkataritzak bizitza ematen diola herriari nabarmendu dute, "Elgoibarren bizi, erosi, herriak irabazi ideia islatu nahi izan dugu liburu honekin ere. Denda txikiek bizirauteko oztopo asko dituzten garaiotan beharrezkoa begitantzen zaigu denda txikiek duten garrantzia aldarrikatzea".

 • 2.300 ale
Guztira 2.300 ale argitaratu dituzte, Elgoibarko Udalaren eta Eusko jaurlaritzaren laguntzarekin. Herri Eskolako eta Ikastolako 5 eta 8 urte bitarteko umeei doan banatuko diete liburua, bihar, ikastetxeetan. Txankakuako kide diren dendetan ere banatuko dituzte liburuak, debalde.
 • Metafora baten bidez, hainbat mezu
Metafora baten bidez hainbat mezu zabaldu nahi dituela ipuinean azaldu du Jasone Osorok. Herrian erosteak aurrez aurreko harremanak, "kontaktua", lantzen duela da mezu bat. Herriko dendek eskaintzen duten konfiantza da beste bat. "Herriko dendetan erosten duzuna ikusi eta ukitzeak konfiantza ematen dizu, badakizu zer emango duzun etxera, sorpresarik, izan gabe", azaldu du. Ume txikiek irakurtzeko liburua da, baina gurasoengana ere helarazi nahi dituzte liburuko mezuak.
Mikel Cornejok libururako egin dituen ilustrazioak "futuristak" direla azaldu dute aurkezpenean. Ipuineko protagonista, Bera, generoz markatu gabeko pertsonia moduan marraztu duela ere azaldu du Cornejok. "Bera izena bera ere asexuala den moduan", gaineratu du.

Sinopsia: Bera eta ezinezko jostailua

Familia bat gela ilun batean bizi da. Ez dira bertatik ateratzen. Argi bakarra pantailek ematen dute, horiek dira errealitatea ikusteko dituzten “leiho bakarrak. Izan ere, ordenagailuz betetako gela bat da. Bakoitzak bere ordenagailua du, bakoitzak bere tableta, bakoitzak bere sakelakoa. Komunikatzeko ere teknologia erabiltzen dute. Ez dute aurrez aurre hitz egiten. Ez dira ukitzen. Kontsumoan oinarritutako bizitza bat da eta behar dutena klik eginez lortzen dute.
Haurrak 6 urte ditu eta berak ere badaki teknologia erabiltzen. Pantailan ikusten ditu gustuko dituen marrazkiak, youtuberren bideoak edo izan nahiko lituzkeen jostailuak.
7 urte bete behar ditu txikiak eta amak mezu bidez galdetu dio ea zer nahi duen bere urtebetetze egunerako. Umea marrazki bizidun batzuen oso zalea da eta bertako protagonista super-heroiaren replika bat nahi du. Sarean bilatu eta linka bidaliko die gurasoei.
Urtebetetzea iritsi bitartean umeak jostailua duela amesten du eta amets horietan super-heroia erraldoia dela ikusiko da.
Eskaera egiteko orduan arazoak daude: umeak nahi duena agortuta dago leku gehienetan eta epea agortzen ari da. Gurasoek ia 24 orduan ematen dituzte pantaila aurrean, umearentzat jostailua lortzeko. Umeari kasurik egin gabe.
Azkenean paketea iristen da baina, hara sorpresa, umeak zabaltzen duenean barruan dagoena ez da bera nahi zuena, oso antzekoa baina nimiñoa den beste super-heroi bat baizik. Gurasoak, haserre, pantaila aurrean erreklamazioa egiteko ahaleginean hasiko dira eta, bidez batez, haurrak nahi duena erosteko saiakeran. Umeari kasurik egin gabe berriz, bere urtebetetzea dela ere ia ahaztuz.
Bere bakardadean, gela ilun hartako zirrikituren batetik tximeleta bat sartuko da. Umeak estreinako aldiz ikusiko du animalia bizidun bat aurrez aurre. Ordura arte pantailan bakarrik ikusi izan baititu. Tximeletari segika kalera aterako da. Bizitza erreala dago han. Iluntzen ari du eta apenas dago inor kalean. Baina eskaparate batean neonezko argiak daude eta han, erdi erdian, umeak nahi duen jostailua: Super-heroi erraldoia.
Umea eskaparateari muturra itsatsita dago, super-heroiarekin liluratuta. Dendaria aterako da, umea ikustean eskutik heldu eta barrura gonbidatuko du. Super-heroia eskaparatetik atera eta umeari eskainiko dio. Umeak arraro begiratuko dio eskua ematean, ez baitago ohitua kontaktu fisikora, baina bere aurpegian estreinako aldiz ikusiko da emozio keinu bat, irribarre antzekoa. Eta hantxe hasiko da haurraren benetako urtebetetze-festa. Dendariak pastela aterako du, kandela eta guzti eta zorionak abestuko dio. Dendariak sakelakoarekin grabatuko du eta sare sozialetan zintzilikatu. Bideoa ikusiko dute umearen gurasoek eta semea etxean ez dagoela jakingo dute horrela.
Gurasoak badoaz dendara eta baita etxean entzerratuta zeuden beste herritar asko eta asko ere. Denak pozarren dendan. Une horretan ondoko eskaparate eta tabernetako argiak piztuko dira, egun hasi berria balitz bezala.
Aspaldiko partez, harremana aurrez aurrekoa izango de herritarren artean.

2018 12 12 bera eta ezinezko oparia jasone osoro mikel cornejo elgoibar