Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Musua' ikuskizunerako sarrerak abenduaren 15ean ipiniko dituzte salgai

Barren.eus 2018ko abe. 10a, 15:07

Musua ikuskizun berria urtarrilaren 2an eskainiko dute Elgoibarren Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai pailazo ezagunak ikusteko sarrerak.

Sarrerak zapatu honetan, abenduak 15, jarriko dituzte salgai, 19:15etik aurrera. Sarrerak eskuratu nahi dituztenek, Elgoibarko Herriko Antzokiko leihatilan (19:15-21:45) edota www.kutxabank.es web gunean eskuratu ditzakete. Erosketa prozesu bakoitzeko (leihatilan, pertsona heldu bakoitzeko), gehienez, zortzi sarrera erosteko aukera izango da. Eserlekuak zenbakituak izango dira.

Prezioa, helduentzat eta haurrentzat ezberdina izango da. Kuota arrunta: 6 euro haurrak / 8 euro helduak. Gazte Txartela dutenek eta Ludotekako bazkideek prezio berezia izango dute: 4 euro haurrak / 6 euro helduak. Prezio murriztua duten pertsonek baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute. Gazte Txartelaren kasuan, egunean bertan aurkeztu beharko da, eta Ludotekako bazkideen kasuan, antolakuntzak izango duen zerrendan haurraren izen-abizenak azaldu beharko dira. Baldintzak betetzen dituztela ziurtatu ezean, eta Herriko Antzokira sartzeko interesa izanez gero, 5 euroko penalizazioa ordaindu beharko da leihatilan.

Pailazoek urtarrilaren 2an ekarriko dute Elgoibarrera Musua ikuskizuna (ikus hemen aurrerapen-bideoa). Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak bi sesio antolatu ditu: 16:00etan eta 18:30ean.

Joan den urtarrilean Borobilean ikuskizuna eskaini zuten Elgoibarren Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.