Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak amaitu dituzte

Barren.eus 2018ko aza. 30a, 15:23

Dolmenen Ibilbidera gerturatzen diren bisitariek Kerexetaegia Hegokoa trikuharria jatorrizko egoeran ikusiko dute aurrerantzean, berreraikitze lanak amaitu baitituzte.

Bergarako, Soraluzeko eta Elgoibarko Udalak 2012tik ari dira sustatzen Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean. Hiru herriak lotzen dituen Dolmenen Ibilbidean dago oraintsu berreraiki duten Kerexetaegia Hegokoa trikuharria, paraje ederrotara hurbiltzeko arrazoi berri bat gehiago. Trikuharria Elosua-Plazentziako estazio megalitikoaren parte da. Estazio megalitikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatuta dago, Monumentu Multzo kategoriarekin, eta 16 monumentuk osatzen dute gaur egun (10 tumuluk eta 6 trikuharrik).

Berreraikitze lanetarako askotariko gaietan adituak diren lagunekin osatutako taldea osatu zuten. EHUko irakasle Fernando Bazeta (Zaharberritze Atala) eta Ibon Telleria (Arkitektura), eta UNEDeko Arkeologia irakasle Mikel Aguirre izan dira talde honetako kideak. Lanak 2018ko urria eta azaroa artean egin dituzte.

Trikuharri hau 1921ean aztertu zuten Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek. Haiek egindako indusketa arkeologikoari esker, zehaztu ahal izan zuten hilobiko kamararen kokapena eta hari forma ematen zioten megalitoak identifikatu zituzten. 2014an Aranzadi Zientzia Elkarteak berriro ikertu zuen trikuharria eta agerian geratu zen trikuharriaren egitura pixkanaka masa galtzen ari zela. 2018an, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioari esker, Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak egin ahal izan dituzte.

Berreraikitze lanak bi arlotan egin dituzte. Inguruko landarediari dagokionean, babes-eraztun bat jarri da eta landare kaltegarriak kendu egin dira. Bestetik, trikuharriaren kamara berreraiki da. Halaber, desagertutako tumuluaren zati batzuk berreskuratu dira.

Prozesu guztian monumentuaren jatorrizko materiala berrerabili da, inguruan sakabanaturik aurkitutakoa. Trikuharriak, hein handi batean, bere jatorrizko egoera berreskuratu du; egitura egonkor eta sendoa du orain eta bisitariek erraz ikusi eta ulertu ahal izango dute.

 • Irukurutzeta trikuharriaren ikerketa arkeologikoa

Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko proiektuaren baitan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Irukurutzetako trikuharriaren indusketa lanak egin ditu.Trikuharriaren erdialdeko kraterra induskatu da, hilobiko kamara aurkitzen zen tokia, eta tumulua estaltzen duen landare-geruza erretiratu da. Halaber, arrastoen laginak hartu dira hilobi-monumentua erabili zen garaiko (Neolitoa-Brontze Aroa) paisaia berregiteko eta GPS zentimetriko eta aire argazki serien bidez dokumentatu da egitura osotasunean. Era honetara, ortoargazkiak eta 3D eredu bat egin ahal izan dira. Lanak urria eta azaroa bitartean egin dira eta bertan parte hartu dute 10 boluntariok, topografo batek eta arkeologo batek.

 • Bisita gidatuek harrera "bikaina" izan dute

Aurten ere, iazko bideari jarraituz, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, Debegesa garapen agentziaren lankidetzarekin, doako bisita gidatuak eskaini dituzte Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko. Iraila eta azaroa bitartean, lau irteera egin zituzten eta horietan guztietan 96 lagunek parte hartu zuten.

∞Lotura duten albisteak:

2018 12 11 trikuarria irukurutzeta paasaiagaz

2018 12 11 trikuarria irukurutzeta 2

*Argazkiak: Debegesa