Nerea Arriola biolin joleak lehenego saria eskuratu du Bruselan Triomphe de l'Art nazioarteko lehiaketan

Barren.eus 2018ko aza. 27a, 17:01

Nerea Arriola biolin jole mendaroarrak lehenengo saria eskuratu du Bruselan jokatu berri den IV. Triomphe de l’Art nazioarteko musika lehiaketan, 15 eta 20 urte arteko biolin joleen sailean.

Aste osoz lehiatu da Arriola Bruselan, mundu osoko biolin jole onenekin. 32 biolin jole lehiatu dira bere sailean, asko eta asko asiarrak, haizezko instrumentuetan maila handia duten herrialdeetakoak. Lehenengo fasera aurkeztutakoetatik, baina, zortzi onenak aukeratu zituzten finalerako eta finalean goia jo zuen mendaroarrak, iaz arte Mendaroko Ameikutz musika eskolako ikasle izan denak [Musikenen dihardu orain musika ikasketak egiten Arriolak].

Triomphe de l’Art nazioarteko musika lehiaketan derrigorrezko eta hautazko piezak jo behar izan dituzte musikari gazteek, pieza oso teknikoak, eta Arriola gailendu da, Clement Pimenta frantziarraren aurretik. Sari horrez gain, aipamen berezi bat ere jaso du Arriolak. (ikus eta entzun hemen Nerea Arriolak eskaini zuen saioko une bat)

Sari gehiago ere irabazi izan ditu Arriolak. Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa irabazi du aurten eta 2016an ere eskuratu zuen sari hori. Iazko abenduan, berriz, lehen saria eskuratu zuen B Mailako biolin-jotzaileen artean, Hari Instrumentuen Galiziako Elkarteak antolatu zuen Cidade de Vigo lehiaketan.

Irakurri hemen: Nerea Arriolak BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa (BARREN 967. zenb. 2015-10-23 –PDF-)

2018 11 28 nerea arriola biolin jolea mendaro saria bruselan