Kokoteraino taldeak kontzertua eskainiko du oholtzatik jaitsi eta 25 urtera, Ehun Kilorekin batera

Barren.eus 2018ko aza. 23a, 12:43

Abenduan 14rako kontzertu berezia prestatu du Sinuosek. Kokoteraino taldeko kideak berriro batu dira duela 25 urte kaleratu zuten maketaren urteurrena ospatzeko eta oholtzara itzultzea erabaki dute. Itzulerako kontzertu horretan ez dira bakarrik arituko, Ehun Kilo taldeak ere joko baitu emanaldi berean.

Kokoteraino eta Ehun Kilo musika taldeek elkarrekin eskainiko duten kontzertua abenduaren 14an izango da, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan (22:30). 

kokoterainoLR ehun kilo sinuose elgoibarPatxi Zabaleta, Oier Gurrutxaga, Iker Rodríguez eta Gorka Errezilek gitarra eskuan hartu eta lehen akordeak ikasi bezain laster osatu zuten beraien lehen taldea, "Nahitanahiez". Izen hori zutela egin ziren ezagun herriko gazte musikazaleen artean; eta halaxe eskaini zituzten beraien estraineko emanaldiak. Denbora gutxi iraun zien lehen bataioak eta halabeharrez beste izen bat aukeratzea egokitu zitzaien. Garaiko izpiritu errebeldearen isla izan zen izen berria: Kokoteraino. 1993an kaleratu zuten maketa bat, Kilometroak 96ko diskoan kantu bat eta makina bat emanaldi sutsu izan ziren laukotearen ekarpena. Hogeita bost urte pasa dira lehen grabaketa harez geroztik eta mende laurdena behar den bezalaxe ospatzea erabaki du Elgoibarko taldeak, berriro elkartu eta zuzenean joko dituzte 1993an grabatu zuten maketako abestiak. "Zalantzarik gabe, emanaldi berezia izango da abenduaren 14koa Sotoan, nostalgiaz eta oroimenez beteriko gaua", azaldu dute Sinuoseko kideek.

 • Ehun Kilo zuzenean entzuteko aukera berri bat
Abenduaren 14an Sotoan emango dute kontzertuan ez dira bakarrik izango. Kokoterainoren sasoi berean arrakastatsu zebilen Ehun Kilo talde elgoibartarra ere izango baita taula gainean. Jon Zabala, Jon Iturrino, Jabi Bergara, Kristian Etxabe eta Kamilo Fernandez 1991an elkartu ziren lehen euskal heavy taldeetako bat sortzeko. Maketa bat eta bi disko kaleratu ostean, 1997an desegin zen taldea Elgoibarko Gaztetxean eskainitako kontzertu batekin agurtuz. Orain dela gutxi, Hatortxu Rock jaialdiak gonbidatuta, kontzertu bira txikia egin zuten desegin eta hamar urtera, 2017an. San Bartolome eta Santa Ana jaietan ere eskaini zituzten emanaldiak.

 

2018 11 23 kokoteraino entsegua elgoibar

2018 11 23 Kokoteraino elgoibar 1993 BARREN aldizkaria

2018 11 23 Kokoteraino kontzertua maala 1993 BARREN aldizkaria