Kaleak musikarekin girotu dituzte ikasleek Santa Zeziliaren omenez

Barren.eus 2018ko aza. 22a, 09:58

Santa Sezilia Eguna da gaur, azaroak 22. Urtero legez, Elgoibar Ikastolako ikasleak kalejiran irten dira goizean goiz. Mendaron martitzenean irten ziren kaletra Ameikutz musika eskolako ikasleak.

Mundu guztiko musikarientzat egun seinalatua da Santa Zezilia eguna eta Elgoibarren eta Mendaron ere ospatzen dute musikak indar handia eta zale asko baititu bi herrietan. 

Ikastolako ikasleek 08:30ean ekin diote instrumentuak jotzeari eta kantatzeari Kalegoen plazan. Gero, kalejiran egin dute eskolara arteko bidea.
Mendaroko Ameikutz Musika Eskolak martitzenean eskaini zuen Santa Zezilia-Musikalean ikuskizuna, Goñati pilotalekuan. Ameikutzeko musikariez gainera, Mendaroko Euskal Dantza Taldeak ere hartu zuen parte.

•Musika eskolakoen kalejirak, barixakuan

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek ere ospatu dute Santa Zezilia. Ikasleek hiru kontzertu eskaini zituzten astelehenean, martitzenean eta eguaztenean. Kontzertuetan talde instrumental desberdinak zein bakarlariak entzuteko aukera izan zen, musika eskolan bertan. Barixakuan bi ekitaldi eskainiko dituzte Bereziartua eskolako ikasleek. Lehena berezia izango da, Alcorta Forging Group enpresako makina artean eskainiko baitute emanaldia, 12:30ean. Arratsaldean, berriz, trikitilariak kalejiran ibiliko dira Santa Ana Kaletik Maalaraino, 18:00etan hasita. Gero, BetiSua txarangaren kalejira hasiko da 19:00etan. Maalatik abiatuko dira eta Santa Ana kaleraino joango dira. Bi kalejira horiek Txankakua merkatari elkartearekin elkarlanean antolatu dituzte, Txankakuak barixakurako antolatu duen Ostiral Beltzarekin bat eginez.

2018 11 22 santa zezilia elgoibar ikastola 1

santa zezilia elgoibar ikastola kalegoen

2018 11 22 santa zezilia elgoibar ikastola kalejira