Santa Zeziliaren omenez kontzertuak antolatu dituzte Elgoibarko eta Mendaroko musika eskolek

Barren.eus 2018ko aza. 19a, 13:26

Mundu guztiko musikarientzat egun seinalatua da azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna. Musikarien zaindariaren omenezko hiru kontzertu antolatu ditu Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak, azaroaren 19, 20 eta 21erako. Mendaroko Ameikutz musika eskolak astearterako antolatu du emanaldia.

Musika eskolako auditoriumean izango dira Inazio Bereziartua eskolak antolatutako hiru kontzertuak eta ordu berea hasiko dira hirurak, 19:30ean. "Aurten kontzertu bakarra egin beharrean, hiru kontzertu egitea pentsatu dugu, horrela ume gehiagok izango dutelako aukera taula gainera igotzeko", azaldu dute musika eskolako arduradunek. Kontzertuetan talde instrumental desberdinak zein bakarlariak entzuteko aukera izango da. 

 • Musika emanaldia Alcorta lantegian

Aipaturiko hiru kontzertuez gainera, barixakuan bi ekitaldi eskainiko dituzte Bereziartua eskolako ikasleek. Lehena berezia izango da, Alcorta Forging Group enpresako makina artean eskainiko baitute emanaldia, 12:30ean. Arratsaldean, berriz, trikitilariak kalejiran ibiliko dira Santa Ana Kaletik Maalaraino, 18:00etan hasita. Gero, BetiSua txarangaren kalejira hasiko da 19:00etan. Maalatik abiatuko dira eta Santa Ana kaleraino joango dira. Bi kalejira horiek Txankakua merkatari elkartearekin elkarlanean antolatu dituzte, Txankakuak barixakurako antolatu duen Ostiral Beltzarekin bat eginez.
 • Kontzertua Mendaron
Mendaroko Ameikutz Musika Eskolak Santa Zezilia-Musikalean ikuskizuna antolatu du azaroaren 20rako. Goñati pilotalekuan izango da musika eta dantza jaialdia, 19:00etan. Ameikutzeko musikariez gainera, Mendaroko Euskal Dantza Taldeak ere hartuko du parte.

2018 11 19 2017 11 22 santa zezilia mendaro koroa2