Bertsolaritza, oholtzapeko sekretuak

Barren.eus 2015ko mai. 14a, 19:44

Euskal kulturaren ardatzetariko bat izan da beti bertsolaritza, errespetatua eta mirestua. Jardun honetaz dena genekiela uste genuen, baina batzuetan, gauzak ez dira kontatu dizkiguten modukoak. Oholtzapeko sekretuak bistaratu ditu dokumental batean Zipriztin Produkzioak ekoizetxeak. Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar elgoibartarrak hartu du parte dokumentalaren ekoizpenean.

 Andoni Egañak, Amets Arzallusek, Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek isiltasun botoa apurtu dute dokumental honetan, euren pasioa denaz argi eta garbi hitz egiteko prest.

• Plazatik Gaztetxerako kanporaketa Elgoibarren, zapatuan

Bertsolaritzarekin jarraituz, Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteentzako txapelketaren kanporaketa jokatuko da bihar (maiatzak 16) Elgoibarko Gaztetxean. Elgoibarko saioan ondorengo bertsolariek hartuko dute parte: Manex Astigarraga, Maddi Sarasua, Antton Aizpurua, Ainhoa Sarasua, Aitor Bizkarra, Txaber Ormazabal, Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz. 22:30ean hasiko da saioa.

Joan den maiatzaren 8an hasi zen Plazatik Gaztetxera bertso txapelketaren 14. edizioa Soraluzen. Guztira zazpi saio jokatuko dira, eta ekainaren 13an jokatuko da finala Markinan.