Elgoibar Erdi Aroan: Villamayor de Markina

Barren.eus 2018ko aza. 16a, 13:48

Villamayor de Markina, Elgoibar deitua liburua kaleratu berri du Javier Elorza historialariak (Soraluze, 1953), eta XIII-XVI. mendeetako historia jaso du bertan. 14 bat urtetako lanaren emaitza da liburu hau. Bost-sei urte inguru eman zituen Espainiako artxiboetan informazioa biltzen, gero beste hainbeste informazioa txukuntzen, eta azken hiru urteetan idatzi du liburua.

Debabarrenean dauka interesa Javier Elorza historialariak. Orain arte idatzitako liburuak ere eremu honetan kokatu ditu, eta azken lan hau ere, gertuko historian dagoen hutsunea betetzera dator. Elorzak esandakoaren arabera, Erdi Aroko informazio gutxi dago jasota liburuetan, eta lan horretan dihardu azken urteotan. Eibar: Orígenes y Evolución liburua kaleratu zuen 2000. urtean, eta orain, Elgoibar eta Mendaroko historia jaso du, Erdi Aroan bi herri hauek bat zirelako. Pitxintxu eta Gorostiza dendetan eskuratu daiteke liburua, 10 euroan.

javier erlorza Villamayor de Markina elgoibar liburuagaz

1346an eman zuen Gaztelako Alfontso XI. Erregeak Elgoibarko herria sortzeko hiri-gutuna. Larruki original hura galduta dago nonbait, eta Elgoibarrek ez dauka hiri-gutun originalik. 1420. urtean jasotako konfirmazio-gutuna dauka Elgoibarrek. Gutun horretan Juan II.a Erregeak berretsi egiten du 1346an Alfontso XI.ak emandako baimena. “Elgoibar eta Mendaroko gizon onei ematen zaie herria sortzeko baimena”... jartzen du hiri-gutunean, besteak beste.

Villamayor de Markina izenarekin sortu zuten hasierako herria. Garai hartan probintziak oraindik sortu gabe zeuden, eta ez zegoen muga politikorik. Gipuzkoa, esaterako, 1397an sortu zen. Ordura arte, elizak ezartzen zituen mugak, eta elizaren antolamenduaren arabera banatzen ziren herrien lur-eremuak. Hemengo ingurunea Durangoko Tabira Artzapezgoaren menpe zegoen, baina geografikoki ez zegoen Bizkaiko botereen menpe. Durangoko Tabirak hogeitik gora eliza zeuzkan bere baitan, gehienak Bizkaikoak, baina inguru honetako lau eliza ere haren menpekoak ziren: Soraluzekoa, Eibarkoa, Elgoibarkoa eta Astigarribiako San Andres eliza. Ingurune hau Gipuzkoako eremutzat zuten, mugan zegoen, eta hortik hartu zuen gure herriak Markina izena. Garai hartan marka hitza erabiltzen zen muga esateko, eta markina hitzak marka txikia esan nahi du. Markina horren barruan herririk handiena zen gurea, Eibar bera baino handiagoa, eta hortik hartu zuen Villamayor de Markina izena. Elgoibarrek bi mila biztanle inguru izango zituen orduan. Ez da erraza Erdi Aroko biztanle kopuru zehatzak aurkitzea, baina garai hartan foguera edo sukaldeak banatzen ziren herrietan, probintziak egiten zituen gastuak kalkulatzeko. Elgoibarrek 64 zituen, eta sukalde bakoitzeko 32 bizilagun kalkulatzen ziren. Soraluzek 28 zituen, eta Eibarrek, 32. Javier Elorzari bitxikeria iruditu zaio Elgoibar izanik herririk handiena, hiri-gutuna lortzen azkena bera izatea. Soraluzek 1343an lortu zuen hiri-gutuna, Eibarrek 1346ko otsailean, eta azkena izan zen Elgoibar, 1346ko abenduaren 20an eskuratu zuelako.

Hiri-gutunean informazio asko zegoen, eta besteak beste, herriaren mugak ere zehazten ziren. Horren arabera Ugarroako etxetik hasita, (Maltzaga), Sallobente ingurura eta Astigarribiara arte iristen zen Elgoibar. Lur-eremu zabala izan arren, gaur egun alde zaharra bezala ezagutzen dugun gunean eraiki zuten herrigunea. King-Kong inguruan zegoen Olasotarren errota, eta gaur egun Leku-Eder parkea dagoen tokian erretena edo kanala zegoen. Kanal hori eta ibaiaren arteko kanpa edo lautadan eraiki zuten herria, Elgoibarko kanpa bezala ezagutzen zena. Horregatik, gerora, Gipuzkoa sortu zenean, probintzia horren barruan sartu zuten herria eta ordurako ez zeukan zentzurik muga edo marka hitza erabiltzeak. Bizkaiko Markina izango zen gerora muga, Aiastiatik beste aldera dagoen herria, hain zuzen. Beraz, Villamayor de Markina izena erabiltzeari utzi zioten, eta poliki-poliki Elgoibar izena nagusitzen da dokumentuetan. Hipotesi edo teoria baten arabera, ELG lexemak gorago dagoela esan nahi du, hortaz, Elgoibar izenak ibarreko gaina edo gaineko aldea esan nahi du. Elgeta edo Elgea ere erro beretik datoz.

javier erlorza Villamayor de Markina elgoibar XIV mendean 2018 11 15 javier erlorza Villamayor de Markina elgoibar 16 mendean

Elgoibarko kanpa aukeratu zuten beraz, hiribildua sortzeko. 177 metroko luzera eta 82 metroko zabalera zuen ibar erosoa zen. Ugarroa eta Basarteko errekastoen tartea zen, herria artikulatzeko eta hesitzeko lekurik egokiena. Hegoaldetik harritzak, bide publikoak eta Ubitarteko ubideak zeuden; ekialdetik edo mendi aldetik, errota zaharren erretena; beste aldean, Deba ibaia. Ibaia oso garrantzitsua zen, bai ura lortzeko eta baita eraikuntzarako harriak ateratzeko ere. Azkenik, Iparraldean, Buruñanotarren Errondako dorrea zegoen, gaur egun Kultur Etxea dena. Dorre hau harresitik kanpora geratzen zen. Harresien barruan gaur egungo alde zaharra zegoen: Errosario eta San Bartolome kaleak eta Kalebarren eta Kalegoen plazak. XV. mendearen bigarren zatian herria handitzen hasi zen, bai demografikoki eta baita fisikoki ere, baina harresi barruan ez zegoen etxe gehiago eraikitzeko aukerarik. Hortaz, harresietatik kanpora kale berriak sortzen hasi ziren. San Frantzisko kalea etxez bete zuten, eta Santa Klara auzoan ere egin zituzten etxebizitza batzuk.

 • AGINTARIAK
Erdi Aroan Elgoibarren familia erreferente bat izan bada, hori Olasotarrena da. Familia honen sustraiak Araban zeuden, Ganboa abizena zuten, baina Olasoko jauregian bizi zirenez, herrian Olasotarrak izenez ziren ezagunak. Gaur egun hilerria dagoen lekuan zegoen jauregia, eta Olasoko San Bartolome parrokia ere bertan zegoen. Herritarrak herrigunetik Olasora joaten ziren mezatara. Gerora, Olasotarren gainbehera etorri zenean, herrigunean hasi ziren Pietateko eliza egiten, Olaso oso urruti geratzen zelako eta ordura arte agintariak izan zirenak jadanik ez zeudelako herrian. Harresiaren kanpoko aldean egin zuten, San Frantzisko iturria dagoen inguruan eta haren segidan Frantziskotarren komentua eraiki zuten, gaur egun Aita Agirre eraikina den tokian. Gaur egungo San Bartolome parrokia berriagoa da. Elgoibarrek bi sute izan zituen, eta horrek erraztu egin zuen San Bartolome parrokia berria egitea. 1560an izan zen lehenengo sutea, baina suterik handiena 1605ean izan zen. Horri esker harresiak bota eta ordura arte hesituta zegoen gunea handitzeko aukera izan zuten. Harresi barruan ez zegoen parrokia berria egiteko aukerarik, baina harresiak bota zituztenean sekulako eremua zabaldu zen Kalegoenetik aurrera. Orduan hasi ziren frontoia, udaletxea eta parrokia egiten. Udaletxea, esaterako, XVIII. mendekoa da.

 • MENDARO
Mendaron mugak ezartzea ez zen erraza izan. Elgoibarko herria sortzeko emandako hiri-gutunean Arnoate, Sahatzu eta Lizarantzu ingururainoko lurrak ematen zaizkio, baina lur horiek aurretik Mutrikuri emandakoak ziren, 1200. urte inguruan, Mutriku sortu zutenean, hain zuzen. Garagartzako lurrak, bestalde, Debakoak ziren, eta Kilimoitik honuntzakoak, Elgoibarkoak. Elizara Azpilgoetara joaten ziren hango biztanleak. Baina ibaia gurutzatu behar izaten zuten horretarako, eta ez zen hain erraza izaten garai hartan. 1453an, biztanleria handitzen hasi zenean, Vatikanok emandako bulda baten bidez, Garagartzan eliza eraikitzeko baimena lortu zuten. Olasotarren nagusia izugarri haserretu zen, Azpilgoetara joaten ziren bizilagun asko galduko zituelako. Mutriku, Deba eta Elgoibar 150 urtez ibili ziren borrokan gutxienez, Mendaroko lurren jabetza nahi zutelako.

 • BURDINOLEN GARRANTZIA
Villamayor de Markina sortu aurretikoak dira burdinolak, eta Erdi Aroan burdinolak ziren ekonomia iturri garrantzitsuena. Elgoibarren eta Mendaron burdinola asko zeuden, eta jende pila batek egiten zuen lan burdinolen bueltan. Langileez gain, eskribauek ere izaten zuten lana kon
tratuak egiteko edo edozein dokumentu idazteko. Baserria edo baratza ere garrantzitsua zen garai hartan. Etxe bakoitzak bere ortua zeukan, eta eguneroko jana etxean sortzen zuten. Askok txabolatxo bat ere izaten zuten txerriak hazteko, eta txerriari esker urte osorako jana izaten zuten.

Gerora, armagintzara eboluzionatu zuen industriak. Eibarren indar handia hartu zuen armagintzaren industriak. Hasieran armagintza txikia lantzen zuten: pikak, geziak... Baina gerora, XV. mendean, lonbardak egiten ere hasi ziren. 1510. urtean Eibartik Ingalaterrako erregearentzako 700 lonbarda bidali ziren. Horrelako produkzioa egin ahal izateko jende asko behar zen. XVI. mendean eskopetagintzan hasi ziren. Urteetan izan zen armagintza ingurune honetako ekonomiaren iturri nagusia. Gaur egun, erreminta makina da Debabarrenean ekonomia aktibitate nagusia.

2018 11 16 javier elorza villamayor marquina arrabal yuso s fco