Moruko Burdin Aroko herrixka ezagutzeko irteera antolatu du Morkaikok

Barren.eus 2018ko aza. 7a, 11:04

Inguruko natura eta ondarea ezagutzeko mendi irteera zikloaren barruan, Moruko Burdin Aroko herrixkaren aztarnak eta historia ezagutzeko irteera antolatu du Morkaikok zapaturako.

Sigmatik ibiltzen igo nahi dutenek 10:00etarako Kalegoen plazara agertu beharko dute. Gainerakoentzako hitzordua 11:30ean izango da Idotorben. Ordubete inguruko iraupena izango du bisita gidatuak. Mendirako arropa egokia, ura eta jateko zerbait eramateko gomendatu dute Morkaikoko arduradunek.

IƱaki Etxaniz Tesouro elgoibartarra eta Jokin Lanz Betelu izango dira irteerako gidariak. Etxaniz Historian Lizentziatua da eta lagun duen Lanz historialaria gonbidatu du irteerara, Burdin Aroan aditua baita. Aranzadi Zientzi Elkarteko kideek 60. hamarkadan aurkitu zituzten Morun Burdin Aroko herrixka baten aztarnak. Gipuzkoan aurkitu diren burdin aroko hiru herrietako bat da Morukoa. Burdin Aroa burdinaren lanketa zabaldu zeneko historiaurreko aroa da eta kristo aurreko lehen milurtekoa hartzen du. Gure arbasoek leku estrategikoa delako eraiki zuten harresiz inguratutako herrixka Morun, bailararen sarreran dagoelako eta defendatzeko leku oso aproposa delako. Gaur egun harresi haien aztarnak ikus daitezke, Burdin Aroko kastro baten (gutxi gora behera K.a. 800. urtekoa) aztarnak, esaterako, baina beste zati batzuk lurpean daude.

Joan den udan Moruko aztarnategi arkeologikoa balorean jartzeko lanean aritu ziren auzolandegietako gazteak.

2018 11 06 moru irteera morkaiko kartela