Kilo eta erdiko onddoa aurkitu du Egoitz Rodriguezek

Barren.eus 2018ko aza. 6a, 08:02

Perretxiko gutxi omen dago aurten inguruko mendi eta basoetan, baina Egoitz Rodriguez elgoibartarrak 1.554 gramoko onddoa jaso zuen Nafarroa aldean.

Egoitz Rodriguez Arrietak azaldu duenez, joan den asteburuan aurkitu zuen onddoa Nafarroan, leku zehatzaren berri eman ez badu ere, perretxikozaleek sekretuan gordetzen baitituzte kokaleku onenak. Ziur dakiguna da 1.554 gramoko pisua zuela onddoak, denda batean pisatu baitzuen (ikus beheko argazkian). Batutako onddoak duen zaporea ere probatu du Rodriguezek, "ezin izan nuen dena jan eta hutsean enbasatu nituen gainerako zatiak urtean zehar jateko". 

Perretxiko sasoian sartuta gaude bete-betean eta asko dira perretxiko eta onddo preziatuen bila dabiltzan zaleak. Kontua da onddoak baino gehiago direla bila dabiltzan lagunak. Izan ere, zaleak kexu dira perretxiko gutxiago dagoela-eta azken urteetan. Eta ez dakite zein izan daitekeen arrazoia.
 • 107 espezie perretxiko erakusketan
Karakate mikologi elkarteko kideek ere igarri zuten perretxiko gutxi dagoela inguruko mendietan, baina, hala eta guztiz ere, pozik ziren Elgoibarko 43. Jardunaldi Mikologikoen barruan antolatu zuten erakusketarako 107 perretxiko espezie batzea lortu zutelako. Aurreko urteetako erakusketetarako 140 espezie eta 180 ere aurkitu izan dituzte. Joan den urriaren 28an egon ziren ikusgai Kultur Etxeko sotoan eta hurrengo egunean eskola umeei erakutsi zizkieten, Karakateko kideek gidatutako bisita gidatuetan.

2018 11 05 kilotaerdiko onddoa arkaitz rodriguez elgoibar

onddo kilotaerdi egoitz rodriguez elgoibar

 

Lotura duten albisteak: