Karakate magalera eginiko irteerarekin hasi zituzten jardunaldi mikologikoak

Barren.eus 2018ko urr. 23a, 11:50

Perretxikoen mundua gertutik ezagutu eta errespetatzen ikasteko irteera antolatu zuten Morkaiko mendi taldeak eta Karakate Mikologi Elkarteak domeka goizean. 35 ume eta beste horrenbeste helduk hartu zuten parte.

Karakate elkarteak 44. jardunaldi mikologikoak antolatu ditu eta mendi irteera mikologikoa izan zen egitarauko lehen ekintza. Hirugarren urtez Morkaiko mendi taldearekin elkarlanean antolatu zuten. Kalegoen plazan batu eta Karakate magaleko baso eta zelaietan aritu ziren perretxiko bila, pare bat orduan. Perretxiko mota desberdinen ale bakan batzuek batu eta gero Azkueko San Roke ermitan elkartu ziren. Han, batutako perretxikoei buruzko azalpenak eman zizkien Karakate Mikologi Elkarteko kide Ignacio Muguerzak. 

 • Perretxiko erakusketa urriaren 28an
Kultur Etxeko sotoan jarriko duten perretxiko erakusketa izango da Jardunaldi Mikologikoetako hurrengo ekintza. Aranzadiko kideen laguntzaz zapatuan egingo dute batuko dituzten perretxikoen klazifikazioa eta domekan, urriaren 28an, egongo dira ikusgai sotoan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Astelehenean herriko eskola umeei bisita gidatuak eskainiko dizkiete Karakateko lagunek.
Bestalde, Morkaikok ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dituen mendi irteeretan, Intxortara izango da hurrengoa, azaroaren 18an.