Islandiako paisaia "magikoak" Alex Berasategiren argazki erakusketan

Barren.eus 2018ko urr. 22a, 18:07

Bidaia izugarri bat, esperientzia ahaztezina, leku berezia. Honela deskribatzen du Alex Berasategi argazkilariak Islandiara eginiko zazpi eguneko bidaia. Han egindako argazkiekin osatu du Islandia izeneko erakusketa, barixakutik aurrera ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean.

Alex Berasategi azpeitiarra duela lau urte hasi zen argazkiak ateratzen eta orain dela bi urte zabaldu zuen estudioa Elgoibarren (alexberasategi.com). 2017ko otsailean Islandiara eginiko bidaiatik jaio zen Kultur Etxean jarriko duen erakusketa. Barixakuan, urriaren 26an, inauguratuko dute Islandia izeneko argazki erakusketa, argazkilariak berak eskainiko duen bisita gidaturekin, 19:30ean hasita. Ongarri argazkilari taldeak eta Udaleko Kultura sailak antolatu dute erakusketa. 

Berasategik zazpi eguneko bidaia egin zuen Islandian barrena. Reikiavik hiriburuan hasi eta handik, erlojuaren orratzen zentzua jarraituz, Stykkisholmur, Reykholt, Selfoss, Skaftafell, Skogar-etik Reikiviak-era buelta. "Egun gutxitako bidaia izan zela badirudi ere, kilometro asko egin nituen pake eta bakartasun sentsazioak sentiarazten laguntzen zidaten galtzadetan zehar", azaldu du.
103.000 km karratuko irla "hunkigarrian" 331.000 pertsona bizi direla nabarmendu du argazkilariak, eta horietatik gehienak, 122.852 biztanle, Reikiavik hiriburuan bizi dira. "Hori da mundu magiko hori horren berezi egiten duena. Argazkietan bertako txoko ezagun eta ez hain ezagunak ikusiko dituzue. Ea nik bertan argazkiak ateratzen beste gozatzen duzuen zuek erakusketa hau ikusten".

  • Lekua: Elgoibarko Kultur Etxean
  • Noiz: Urriaren 26tik azaroaren 10era
  • Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 18.30etatik 20.30etara. Domeketan itxita
  • Antolatzailea: Ongarri A.T eta Elgoibarko Udaleko Kultura Saila

Uztarria Komunikazio Taldeak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturaz kooperatibak martxan jarritako Mikrouhinak egitasmoko atal bat eskaini zioten Alex Berasategiren Islandia erakusketari:

2018 10 22 alex berasategi islandia erakusketa elgoibar tarjetoia

Lotura duten albisteak: