Nerea Martinez: “Leku askotariko jendea ezagutzea izan da Interrail bidaiako gauzarik onena”

Barren.eus 2018ko urr. 18a, 20:57

Europako Batasunak 15.000 Interrail txartel oparitu zituen 18 urteko gazteen artean, Europako aniztasuna ezagutu eta hobeto ulertzeko aukera izan zezaten. Europan barrena trenez bidaiatzeko balio duen txartela eskuratzeko galdetegi bat bete behar zen Interneten, eta 100.000 gazte europarrek hartu zuten parte. Halaxe egin zuen Nerea Martinez elgoibartarrak eta txarteletako bat tokatu zitzaion. Bakarrik egin zuen bidaia. Administraritza eta Enpresa Zuzendaritzako bigarren maila ikasten ari da Bartzelonan eta handik eman digu bere bidaiaren berri.

-15.000 Interrail txartelen zozketan parte hartzeko gadetegi bat bete behar zenuten.

Bai, Gazteriaren Europako atarian, #DiscoverEU egitasmoaren barruan. Era askotariko galderak ziren: noiz ospatuko dira Europako Parlamenturako hauteskundeak?, zein dira aurten Kulturaren Europako Hiri?... eta antzerakoak galdetzen zituzten. 18 urteko gazte batentzat erantzuteko zailegiak beharbada, nahiz eta Google bilatzailean begiratuta erantzuteko modukoak ziren.

-Hilabetez Europan zehar trenean bidaiatzeko aukera ematen duen Interrail txartela tokatu zitzaizun.
Beno, egia esan galdetegia bete eta hilabetera mezu bat bidali zidaten ez nengoela txartela jasoko zutenen artean esaten zuena. Lagunekin bidaiatzeko plana egin nuen orduan, baina azken unean beste mezu bat jaso nuen, sanbartolomeetarako astebete falta zenean, sarituetako bat nintzela esanez. Lagunekin nituen planak bertan behera laga eta Interrailen joatea erabaki nuen.

-Ze herrialde aukeratu zenituen Interrail bidaiarako?
Frantzia, Belgika, Herbehereak eta Alemania. Txartelak hilabetez bidaiatzeko aukera eman arren, hamabi egun bakarrik nituen, ikasturte hasierarako Bartzelonan egon beharra nuelako. Hendaian hasi nuen bidaia eta Pariseraino joan nintzen lehen trenean. Frantziako hiriburuan bi gau pasa, eta handik Belgikako Gante hirira joan nintzen. Han ere bi gau pasa nituen eta Brujas ezagutzera ere egin nuen joan-etorria. Belgikatik Herbeheretara jo nuen, Amsterdamera. Bi gau pasa eta Alemaniara joan nintzen. Berlin, Munich eta Karlsruhe bisitatu nituen. Kalsruhetik itzuli nintzen Elgoibarrera, trenean 12 orduko bidaia eginda. Lepoan jartzeko puzgarri horietako baten falta igarri nuen, eta damutu nintzen eraman ez izanaz, amak aholkatu zidan moduan. Loak erraz hartzen zaitu trenean eta lepoko luxazioa egin nuen ia batera eta bestera ematen nituen burukadekin (kar, kar, kar...). Interrail egiteko asmoa duten guztiei gomendatzen diet puzgarria. Trenean ordu asko pasatzen dira, eta denak ez dira erosoak. Alde handia dago tren batetik bestera eta herrialde batetik bestera.

-Bakarrik bidaiatu duzun lehen aldia izan al da?
2015ean hiru asteko bidaia egin nuen Irlandara, Jaurlaritzak ingelesa ikasteko atera zuen beka bati esker. Batxilergoan nengoela Alemaniara elkartruke bat ere egin genuen. Horietan, baina, ez nintzen bakarrik egon. Iaz bidaiatu nuen bakarrik estreinakoz, Mazedoniara, nire neba bisitatzera. Bakarrik egin dudan bidaia potenteena Interrailekoa izan da ordea. Lagun artean asko gozatzen dut, baina bakarrik ere primeran moldatzen naiz.

-Gaztea, emakumea eta bakarrik bidaiatzen. Zein izan zen ingurukoen erreakzioa?
Oso zabaldua dago emakumeek bakarrik bidaiatzea arriskutsua dela eta baita bakarrik bidaiatzean traba asko izaten diren ustea, baina gaur egun inoiz baino errazagoa da bakarrik bidaiatzea. Bidaia egin eta gero, argiago daukat, eta probatzeko gomendatzen diet denei. Nire inguruan denek ez dute berdin ikusten, baina. Lagun guztiek galdetzen zidaten ez al zidan beldurrik ematen. Euren buruak ez zituztela kapaz ikusten esaten zidaten. Emakumea izatearena plus bat da, bai, baina 18 urterekin bakarrik bidaiatzeak errespetua ematen du. Ulertzen ditut lagunen beldurrak, duela urtebete neu ere ez nintzelako beharbada prestatuta egongo. Bartzelonara bizitzera etortzeak asko lagundu dit, eta gainera, beti egon naiz gauzak bakarrik egitera ohituta. Bakarrik bidaiatzeari baino gehiago gauzak galtzeari nion beldurra, desastre hutsa naizelako. Arropa nonbaiten galdu eta hotza pasatuko dut, txartelen bat galdu eta ezingo dut bidaia jarraitu... horrelakoak ziren nire kezkak. Etxekoek motxilan sartu zizkidaten beldurrak bakarrik neramatzan. Eta hori Europako herrialde aurreratuenetakoak eta seguruenak aukeratu nituela. Kontuz ibili honekin edo harekin, kontuz norekin berba egiten duzun, gauez ez ibili... Gainera, albisteetan ikusten zuten Amsterdamen eraso bat egon zela-edo, eta kezkatu egiten ziren. Turista asko hartzen dituzte hiri handietan, eta segurtasun sentsazioa handia da. Gainera, oso ondo prestatuta daude batetik bestera mugitzeko.

-Kuadrillak indar handia du Euskal Herrian. Lagun talde askok elkarrekin antolatzen dituzte bidaiak. Bakarrik bidaiatzea ez dago oso zabaldua gure kulturan. Anglosaxoiak eta ohituago daude beharbada. Zer ikusi duzu zuk?
Bai, egia da kuadrillan ibiltzeko ohitura horrek baduela bere pisua eta eragina. Bakarrik bidaiatu duten neska gutxi ezagutzen ditut hemen. Aldiz, topatu ditut bakarrik bidaiatzen ari ziren neska ingelesak, alemaniarrak edo poloniarrak.

-Bakarrik ibiltzeak abantailak ere baditu.
Halaxe da. Jendearengana hurbiltzera behartuta zaude, zabaltzera. Egun eta hiri batzutan primeran moldatu nintzen bakarrik, nire erritmora. Jendearekin harremantzeko beharra ere sentitzen nuen. Bi egoerak uztartzea da onena; une eta gauza batzutarako, hobe bakarrik, eta beste batzuetan, merezi du esperientziak norekin partekatu izatea. Bidaia bakarrik hasi nuen, bai, baina ez naiz sekula bakarrik sentitu; lagunartean ibili naiz han eta hemen.

-Non egin dituzu lagun gehiago, trenetan pasatako orduetan ala ostatuetan?
Gazteentzako ostatuetan, dudarik gabe. Tren guztiak egunez hartu nituen eta bakoitza bere munduan sartuta joaten zen trenean. Hori bai, Belgikan, adibidez, egin dituen lagun kataluniar eta galiziar batzuk tranbian. Paris, Gante, Amsterdam edo Munich moduko hiri ederrak bisitatu ditut estreinakoz, baina leku askotariko jendea ezagutzea izan da esperientzia onena.

-Blog batean eman duzu zure bidaiaren berri eta sare sozialak garrantzitsuak izan direla diozu bertan. Nola eta zertarako erabili dituzu?
Facebook eta Instagram erabili ditut. Bakarrik nindoanez, ailegatzen nintzen lekuetan Facebookeko lagun taldeetara batzeko esan zidan amak. Gaztediaren Europako atarian aurkitu nuen talde bat. ‘Gaur Berlinen nago. Norbait animatzen al da hiria gauez ezagutzera?’ eta antzerako mezuak jartzen ditu Interrailean dabilen jendeak. Planak egiteko eta elkarrekin geratzeko plaza birtuala da. Joan nintzen ia leku guztietan erabili nuen. Instagramen, berriz, ia egunero jartzen nuen argazkiren bat etxekoek nondik nora nenbilen ikus zezaten. Aldi berean, lagunek gomendioak egiten zizkidaten. ‘Parisen zaude? Ba ez joan hona; garestia da, eta gainera ez du merezi’, eta antzerakoak. Hori bai, egon naizen lekuetako argazki mordoa atera ditudan arren, ni agertzen naizen bi argazkirekin bakarrik itzuli naiz. [Hemen jarri ditugunak}

-Nolakoa da interraileko bidaiari baten egunerokoa?
Lekuaren araberakoa da. Sekula egon gabekoak ere badaki Parisen ikusi beharreko leku mitiko asko daudela: Notre Dame, Eiffel dorrea, garaipenaren arkua... Bi egunetan ez du horiek baino askoz gehiago ikusteko denborarik ematen. Ganteri buruz, berriz, ez nekien ezer. Mapei begira eta jendeari galdetuta ezagutu nuen hiria. Inprobisatzea gustatzen zait. Munichen halaxe jokatu nuen. Trenean ez zegoen Interneterako konexiorik eta ezin izan nuen begiratu zein ziren lekurik esanguratsuenak. Gauez ailegatu nintzen, eta hurrengo goizean ez nekien nondik hasi ere. Parte zaharreko eraikinak ikusten hasi nintzen, eta, nahigabe, Ingelesen jardinera ailegatu nintzen, lorategi erraldoia eta ezustekoz betetakora. Eisbach ibaian ikusi nituen surfistekin harrituta geratu nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan eta egun guztia pasa nuen han. Pentsatu nuen gustura nengoenez ez neukala zertan beste ezeren bila hasi. Municheko elizak eta eraikin ikusgarrienak ikusi gabe jarraitu nuen nire bidaia, damurik gabe. Hiri horren oroitzapen oso ona daukat. Ez dago dena ikusi beharrik; ez dago batetik bestera zoroaren pare ibili beharrik. Ikasi dut patxadaz hartzea eta inprobizatzea dela onena.

-Lau gomendio egiten dituzu blogean. Telefono mugikorrarentzat ordezko bateria eramatea da bat. Segapotorik gabe ezin da inora joan gaur egun.
Bizi daiteke telefono mugikor gabe, baina 18 urteko alaba baten gurasoak lasaiago egoteko funtsezko erreminta da halako bidaia batean. Egunero egiten nuen berba etxekoekin. Horrez gainera, sare sozialetan ibiltzeko eta lekuan lekuko informazio praktikoa bilatzeko tresna da. Horregatik komeni da ordezko bateria bat soinean eramatea.

-Free Tourrak erabiltzea ere gomendatzen duzu.
18 urteko bidaiari baten aurrekontua ez da handia, ez behintzat nire kasuan. Horregatik, hiriak eta bakoitzaren istoria ezagutzeko modu bakarra dira Free Tour deiturikoak. Gidariak azalpenak bukatzen dituenean borondatea ordaintzen zaio. Hiri handietan halako asko daude.

-Horrenbeste janari laster ez ei duzu inoiz jan?
Saiatzen nintzen lekuan lekuko jatekoak probatzen. Crepak, Parisen, eta saltxitxak, Alemanian, baina gosea edozein unetan iristen da. Gerta daiteke jatetxe garestiak bakarrik dauden lekuren batean gosetzea, eta gainera, zer eskaintzen duten ere garbi ez izatea. McDonald's eta antzerakoak beti daude begien aurrean. Horietan hanburgesa bat jatea da gosea baretzeko modu azkarrena, erosoena eta seguruena. Gauza asko daude ikusteko hirietan eta denbora gutxi daukazu; hortaz, janari lasterra da aukerarik onena, ahal den denborarik gutxien galdu eta zure bidean aurrera jarraitzeko. Lehentasun kontua da, eta poltsikoarena, noski.
Batzuetan begiratzen nuen TripAdvisor moduko webguneetan gomendatzen zituzten jatetxeak, baina nengoen lekutik bi kilometrora bazegoen ez nuen modurik haraino joateko.

-Historia eta kultura handiko hiriak daude Europa zaharrean, baina parrandarako leku onik topatu al duzu?
Bai, horretarako topatu nuen tartea. Ganten eta Berlinen irten nintzen parrandan. Tabernaz taberna ibili nintzen Ganten, ni baino urte batzuk zaharragoak ziren espainiar batzuekin. Juerga lasaia izan zen, baina. Berlinekoa bai izan zela festa! Hiru neska ingelesekin irten nintzen, eta elektrizitate fabrika izan zen eraikin batean antolatu zuten jai batera joan ginen. Oso toki alternatiboak daude Berlinen. Modu desberdinean bizi den jendea dago han, eta festarako ere ohitura desberdinak dituzte. Tecno musika jartzen zuten, eta espero nuena baino hobeto pasa nuen. Hori bai, beti daukazu buruan etxetik urrun eta bakarrik zaudela eta hobe dela parrandan balazta zapalduta ibiltzea, zainduko zaituen inor ez daukazulako alboan.

-Hiri eta herrialde gehiago bisitatzeko gogoz itzuli zara?
Bai horixe! Luxenburgo, Amberes, Praga edo Kopenhage moduko hiriak edo Polonia ikusi gabe gelditzeak pena eman zidan. Ikusi gabekoak ikustera itzuliko naiz, ziur. Bidaiatzeko gosea piztu dit Interrailak. Distantziak laburtzen ditu. Berlinen nengoela, gertu ikusten nuen Poloniaraino joateko aukera; 'hemen ondoan dago, barren!' esaten nuen. Halako bidaia batek begiak irekitzen dizkizu. Besteekin hitz eginda konturatzen zara denak ez direla gu bizi garen moduan bizi eta beste ohitura batzuk dituztela. Egon naizen hirietan edo ezagutu dudan jendearen herrialdeetan gertatzen ari denaren berri izateko interesa dut orain, gertukoagoak sentitzen baititut. Hasieran bete nuen galdetegi hura Google-en begiratu gabe bete ahal izango nuke bidaia egin ostean betez gero. Era berean, halako bidaia batek bidaiatzearen alde onak eta txarrak ikusteko balio du. Gainera, zure kabuz moldatzen ikasten duzu edo ikasi behar duzu, ez dagoelako beste aukerarik.

2018 10 18 Nerea Martinez elgoibar interrail paris