Donostiako Zinemaldian saritu zuten 'Oreina' filma Elgoibarren ikusgai

Barren.eus 2018ko urr. 18a, 18:52

Oreina filma emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian, asteburuan. Hiri-bizitza, industria-giroa eta natura gurutzatzen ditu Koldo Almandoz donostiarraren lehen fikziozko filmak.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Oreina, Txintxua filmsek ekoiztutako eta Koldo Almandozek zuzendutako lana, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu zuen. Elgoibarren, jatorrizko bertsioan, euskaraz, eta gaztelerazko azpitituluekin lagunduta ere emango dute asteburuan.

Hona hemen filmaren sinopsia: “Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibai ertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora”.

Aktore taldea Laulad Ahmed, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elías eta Erika Olaizolak osatzen dute. Hona Oreina (88') filmaren Elgoibarko emanaldien egunak eta orduak:
 • Larunbata (urriak 20):

  • 19:00etan (Gaztelerazko azpitituluekin)
  • 22:15ean (Euskaraz, azpititulorik gabe)


 • Igandea (urriak 21)

  • 19:00 (Euskaraz, gaztelerazko azpitituloekin)

 • Astelehena (urriak 22)

  • 21:30 (Euskaraz, gaztelerazko azpitituloekin)

OREINA Trailer V.O. SUB. CAST. from txintxua on Vimeo.