Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2018 10 08 euskara ala ezkara imhn elgoibar izarra barrenEuskararik gabe ez garela zioen Gotzon Garatek; izatekotan, euskararekin izan behar ginela eta horixe berretsi zuten zapatuan ‘Euskara ala ezkara’ ziklora batu ziren kulturgileek. Zapatukoa eman zuen kronika laburra duzue honako hau; presazkoa nahiago bada, baina osatuko dugu eta gehituko dugu bertsio luzeagoa ere.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu zuten zikloa, IMH eta DanobatGroupen babesarekin eta Euskal Herriko hamaika bazterretatik etorritako euskaltzale eta kultura zalez bete zen IMHko aretoa.

Gaur bete dira hamar urte Gotzon Garate hil zela, eta hamargarren urtea izan du ‘Euskara ala ezkara’ zikloak aurtengoa. Eta berezia izan da, inondik inora ere. Euskaltasuna areagotzeko asmoz jarri zuten ekimena martxan 2009an Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, eta ordutik, itzal handiko lagunak izan ditugu Elgoibarren urtero-urtero; 40tik gora guztira. Aurtengoa, baina, ezberdina izan da, estreinakoz egun osoko zikloa osatu dutelako antolatzaileek. Okasiorako, gaur erreferente diren 20 kulturgile gonbidatu zituzten zapatuan Elgoibarrera, eta etxekoei eman zieten hasteko ardura. Uxue Alberdik ‘Euskara geu gara’ poema errezitatu zuen, Aitor Nova musikaria lagun hartuta, eta poemaren azken bi lerrotan jaso zuen zikloaren muina izango zena: “Euskara ez bada, ez gara. Euskara geu gara’.

 

  • G. Barandiaran: "Zaleak sortzea da gaur kulturgintzaren premia nagusia"

Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrak hartu zion gero hitza. ‘Garena guztiona balitz’ izenburupean, ‘Euskara ala ezkara’ webgunea aurkeztea zegokion Barandiarani, baina aurkezpenarekin hasi aurretik asimilazioaren, kultur kontsumoaren eta instituzioen eta herrigintzan dihardutenen arteko harremanei buruzko hainbat ideia josi zituen. Barandiarenek esan zuen zaleak sortzea dela gaur kulturgintzaren premia nagusia eta auzolanerako deia egin zuen. “Auzolana landu behar dugu eta herri ekimenak autoritatea irabazi behar du, sortzen duenak gozatu egiten duelako eta gozatzen duenak erakarri egiten duelako”.

  • Kulturarentzako estatu ituna sortzeko eskatu zuen Lorea Agirrek

Kultura, kulturgintza eta gugintzaren gaineko ideiak lotu eta hainbat galdera planteatu zituen ondoren Lorea Agirre kazetari eta antropologoak. Beste pentsalari batzuen berbak bere eginez, Agirrek nabarmendu zuen euskara dela euskal kulturaren sistema-adierazle nagusia eta kulturgintzak baino ez duela batuko gaur “atomizaturik” dagoen euskal nazioa. Bestera esanda, euskaraz egiten dugun dena dela euskal kultura eta herrigintza edo naziogintzarako dugun bitarteko bakarra dela. Hala ere, garbi laga zuen euskal kulturaz hitz egiteko ezinbestekoa dela inguruko hizkuntzetako beste kulturak aztertu eta haiekiko ditugun harremanak kontuan hartzea. Kulturarik gabe herririk ez dagoela oharartarazi zuen Agirrek eta sortzaileengan sinisteko eta kulturarentzako estatu ituna sortzeko eskatu zien erakundeei.

  • Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’

Harkaitz Canok hartu zion erreleboa Agirreri. Poesia errezitaldia izan zen Canorena. ‘Azken aurreko manifestua’ izenburuko testua errezitatu zuen, propio ekitaldirako sortutako testua. Umoretik jo zuen Canok euskararen inguruko egiak bistaratzeko, eta eskertu zuen publikoak. Zuzentzaile automatikoak esan nahi zuena esaten uzten ez zionaren paperean aritu zen Cano, dotore eta fin, eta barre-algaraka jarri zituen entzuleak. Goizeko perla utzi zigun lasartearrak, hamaiketako atseden-tartea aurretik. Hona manifestuaren lehen atala bideoan:

  • Musika eta euskal kontzientzia

Atsedenaren ondotik, Odei Barroso bertsolari eta musikariak eta Ines Osinaga Gose taldeko abeslari eta trikitilariak hartu zituzten mikrofonoak musika eta euskal kontzientziaz solasteko. Bien arteko elkarrizketa-saioan, musikaren munduan ertzekoak izatearen ajeez aritu ziren, “ertzekoa delako gaur musikan trikitilari eta emakume izatea eta baita Iparraldeko eta rapero izatea ere”.

  • ‘Antzerkia euskaratik eta euskaraz?”

Musikarien ondotik, antzerki zaleen txanda iritsi zen. Ander Lipus antzezlea eta Oier Guillan kazetari eta antzerki-kritikariak aurrekoen formato bera erabili zuten: galdera-erantzun bidezkoa. ‘Antzerkia euskaratik eta euskaraz?” gai hartuta aritu ziren, aurrekoen bidetik.

  • Duintasuna kulturgileentzat

Goizeko saioa urtetan Susa argitaletxeko editore izandako Gorka Arresek itxi zuen. Argi gorri guztiak piztu zituen Arresek bere tartean. Euskal sortzaileek pairatzen duten prekarietateaz ohartarazi zuen Arresek, oso berea duen moduan, argi eta zorrotz. Kulturaren egoera “tamalgarriari” erantzuteko borondatea ez dela nahikoa esan zuen eta duintasuna eskatu zuen kulturgileentzat eta kulturarentzat. Agintariei zuzendu zitzaien gero behingoz Kulturaren Legea idazten hasteko eskatzeko.

  • Musika, antzerkia eta umorea Mursegok

Arresek itxi zuen goizekoa, eta Mursegok (Maite Arroitajauregi) zabaldu arratsaldekoa. Mursegoren edozerk bestera ezin duen bezala, berezia izan zen oso bere emanaldia. Musika, antzerkia eta umore eta ironi dosi handiak batu zituen artista eibartarrak. Emanaldian zehar Iban Urizar musikari elgoibartarra ere gehitu zitzaion ondora, elkarrekin kantu bat jotzeko. Gozatu zuen publikoak, eskertu zuen Mursegoren umorea, eta txalotu zuten gogotik.

  • Gazteen ezinak eta ilusioak

‘Gazteak, kultura eta euskalgintza’ mahai-inguruaren tartea etorri zen gero. Peru Iparragirre, Paul Beitia eta Edurne Azkarate aritu ziren berbetan, Itziar Ugartek gidatuta. Ordura arte batak eta besteak esandako ideiez aritu ziren, sortzaile gazteen begiradatik. Ezinak eta ilusioak aipatu zituzten, bietatik paretsu.

  • Egunak eman zuena, bertsotan eta mural batean

IMHkoak bukatzeko, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariek egunak eman zuenaren laburpena egin zuten bertsotan eta egun osoz muralgintzan jardun ziren Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok euren murala bistaratu zuten.

  • Ginda, Amorantek

Biribila izan zen ordura artekoa, baina ginda falta zuen oraindik, eta hori, Amorantek jarri zuen. Elgoibartarrek hasi zutena herriko beste artista batek amaitu zuen beraz, Kultur Etxeko sotoan eskaini zuen kontzertuarekin.

2018 10 06 euskara ala ezkara zikloa imh elgoibar izarra barren amorante

2018 10 06 euskara ala ezkara zikloa imh elgoibar izarra barren goitik

2018 10 06 euskara ala ezkara elgoibar harkaitz cano barren

2018 10 06 euskara ala ezkara zikloa imh elgoibar izarra barren txakur gorria muralagaz

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza