Jose Inazio Sarasua: herria dantzan jarri zuen gizona

Barren.eus 2018ko urr. 4a, 13:19

Jose Inazio Sarasua zenaren izaera, ibilbidea, lorpenak eta ekarpenak hizpide izan ditu Oier Araolazak Jose Inazio Sarasua: herria dantzan jarri zuen gizona izeneko artikuloan.

Txistulari aldizkariaren 251. zenbakian argitaratutako artikuloa dantzan.eus webgunean ere eskegi du Oier Araolazak. Haritz Euskal Dantzari Taldean irakasle eta zuzendari izan zuen Araolazak Jose Inazio Sarasua.

Besteak beste, Sarasuari nondik zetorkion kultura, euskara eta euskal tradizioekiko zaletasuna argitzen du Araolazak mirespenez eta maitasunez eginiko idatzian. Sarasua Haritz zuzentzen hasi zenean, dantza taldearen transformazioa erabatekoa izan zela nabarmendu du Araolazak. "Prestaketa fisikoan, teknikoan, taldearen koordinazioan, mugimenduen, urratsen, dantzen barneratzean eta interpretazioan jauzi kualitatiboa egin zuen Haritz dantzari taldeak, eta jendaurreko agerraldietan ez-ohiko distira erakusten hasi zen", dio. Ildo beretik, Haritz dantzari taldearen jende aurreko agerraldi bakoitza, dantzariei, dantzari berari, txistulariei eta txistuari duintasuna itzultzeko ahalegina zen Jose Inazio Sarasuarentzat.

Sarasuaren izaerari dagokionez, lidergo gaitasun handikoa, jakinmin eta interes eremu zabaleko gizona; eta, era berean, exijentzia maila altukoa zela gogora ekarri du Araolazak: "jendaurreko edozein agerralditan azken xehetasun txikiena ere aurreikusi, zaindu eta antolatzen zuen: jantziak, musika, errepertorioaren egokitasuna, erritmoa, espazioaren antolaketa, soinu ekipoa, aurretiko komunikazioa, testigantza grafikoa jasotzea, komunikabideen islada,...".

Araolazaren berbetan gauzak ondo egiteko borondatea beti nabarmena izan da Jose Inazio Sarasuaren ibilbidean.