Elgoibarrera ezkonduta, Mertxe Sueskunek Fernando Beorlegi pintorearekin eta eskultorearekin ikasi zuen bi urtez, modelatzen bereziki. Debako arte eskolako lehen promozioko ikaslea izan zen. Eskultura ikasi zuen, baina baita zeramika, grabatu kalkografikoa eta kolorearen eta formaren teoria ere. Donostiako Artelekun hainbat ikastaro egindakoa da eta erakusketak ere makina bat egin ditu. Edukitzaileak, edukiak eta beste kontu batzuk izena jarri dio han eta hemen erakusten ari den azken eskultura multzoari. Iruñeatik eta Altsasutik igaro ostean, Elgoibarren barixakutik aurrera egongo dira ikusgai Sueskunen artelanak. 18:30ean izango da inaugurazio ekitaldia.
Birziklatutako materialekin lan egiten du Sueskunek. "Orrazi bat, hari matazak, kaxa bat edo algodoizko zati soil bat ikusten dugunean, Mertxeren begiak bere sorkuntzetarako materiala ikusten du", dio Carmen Areopagita artearen historialariak Mertxe Sueskunen lanaz.
- Kultur Etxeko erakusketa gelan egongo da erakusketa, urriaren 5etik 20ra bitartean. Astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era.