Aire libreko margo lehiaketa egingo dute Mendaron larunbatean

Barren.eus 2018ko urr. 1a, 12:32

Mendaroko Aire Libreko Margo Lehiaketaren 23. ekitaldia antolatu du Udalak zapaturako, urriaren 6rako. Nahi duen orok parte hartu ahal izango du lehiaketan.

Mendaroko herriari dagokion edozer marraztu beharko dute parte-hartzaileek, beti ere mugatutako lekuan eta denboran (ikus hemen oinarriak).

9:00etatik 11:00ak bitartean egin beharko dira izenemateak, udaletxeko sarreran, eta lanak frontoian aurkeztu beharko dira 13:00etatik 14:00ak bitartean. Epaimahai tekniko batek aukeratuko ditu gero lanik onenak, eta 14:30ean egingo dute sari banaketa.

Aukeratutako lanekin erakusketa antolatuko du gero Udalak, urriaren 12tik 21era bitartean, Lagun Betikoena elkarteak duen lokalean, eta behin erakusketa amaituta, azaroaren 30a arteko epea izango dute parte-hartzaileek euren lanak jasotzeko. Hori bai, irabazlearen lana Udalak hartuko du jabetzan. Irabazleak 600 euro jasoko ditu dirutan eta lehenengo eta bigarren accesitek 300na euro. 14 urtez beherakoetan bi sari banatuko dituzte.

Iaz, Yoana Sondebilla Agorreta margolari nafarrak irabazi zuen lehen saria eta Jon Idigoras eta Jose Manuel Mendezentzat izan ziren akzesitak. Hamalau urtetik beherakoetan Naia Zubiaurrek aurkeztutako lana saritu zuten lehen sariarekin eta Gorane Sanchezek jaso zuen bigarren saria. Biak mendaroarrak.