‘Oroitzen naizeino’ eta ‘Ikasgaia’ antzezlanak asteburuan Mendaron

Barren.eus 2018ko ira. 27a, 13:45

Antzerkiak hartuko du asteburu honetan kultura eskaintza Mendaron. Bi antzezlan izango dira zapatuan eta domekan. Bestalde, datorren urriaren 21ean emango dute San Agustinen 18:00etan Memoriaren Ganbaratik dokumentala.

Larunbatean, irailaren 29an, 19:00etan Mendaroko udaletxeko udalbatza aretoan, Oroitzen naizeino irakurketa taularatua eta musikatua egingo dute Maddi Zubeldiak eta Bernadette Lurok. Zahartzaroaz eta alzheimer gaixotasunaz ariko dira. Zahar etxean dagoen pertsonaia nagusi bat dago eta bere gogoetak eta oroitzapenak kontatuko ditu. Beste pertsonaia bat ere arituko da, memoria, emakumea hitzik gabe geratzen denean erreleboa hartuko diona. Testuak eta musikak, Agurtzane Anduetzaren bideo bat izango dute lagun.

 • Taupada taldeak Ikasgaia lana eskainiko du
Igandean, berriz, San Agustin kulturgunean, 18:00etan. Elgoibarko Taupada taldeak Ikasgaia lana eskainiko du. Irakasle baten iluntasunak eta ikasle gazte baten argitasunak bat egingo dute obran. Jon Olivares izango da irakaslea eta Sara Iriondo ikaslea. Obra dramatikoa da, baina umore absurdoarekin jolastuz txisteak ere sartzen dituzte, beraz, taldekoen esanetan ikusleak berdin egin dezake barre edo negar.

• Memoriaren Ganbaratik, urriaren 21ean
Bestalde, datorren urriaren 21ean emango dute San Agustinen 18:00etan Memoriaren Ganbaratik dokumentala. Tropa faxisten herri hartzearen 80. urteurrenaren harira Elgoibar garai hartan murgildu eta herriko kaleetan grabatu zituzten irudiak. Milizianoen gaua eta tropa faxistak Elgoibarren sartu zirenekoaren errekreazioa da bertan jasotzen dena.