Jon Gurrutxagak “Kateak” singlea jarri du sarean, irailean kaleratuko duen EParen aurrerapena

Barren.eus 2018ko ira. 7a, 12:29

Jon Gurrutxagak irail amaieran argitaratuko duen disko laburrari izenburua ematen dion Kateak abestia kaleratu du, eta entzungai jarri du sarean.

Jon Gurrutxagak prest du bere lan berria. Bi disko luze argitaratu ostean —Jon & Sugramas (2010) eta Hitz lauz (2014)—, formatu laburraren alde egin du oraingoan. Lau abesti grabatu ditu Aieka estudioan, eta Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratuko ditu irailaren amaieran Lokatzetan Play biniloko single bildumaren barruan.

Kateak bi formatutan argitaratuko da. Alde batetik, biniloko singlean, Kateak eta Desitxuratuz abestiekin, eta bestetik CD formatuan —singlearen barruan— beste bi kanturekin aipatutakoez gain: Unearen oraina eta Wrinkled shirts and jackets. Blues, gospel eta musika beltzaren beste aldaera batzuk jaso ditu Gurrutxagak lan honetan. Ohi bezala, musikari elgoibartarrak hainbat instrumentu jo ditu diskoan (gitarra akustikoa, bateria, ahosoinua), baina kolaboratzaileak izan ditu estudioan. Iñigo Gorritxategik grabatu du baxua hiru kantutan, eta Patxi Zabaleta elgoibartarrak (gitarra), Marcos Collek (ahosoinua), Urbil Artolak (dobroa) eta Peio Gorrotxategik (teklatua eta grabazioaren teknikaria) abesti banatan hartu dute parte. Halaber, Xabi Lasak idatzi ditu Kateak eta Desitxuratuz abestien hitzak. Diskorako argazkiez Jairo Berbel elgoibartarra arduratu da. 

• Gurrutxagaren ibilbidea
Arima Beltza taldean ezagutu genuen Jon Gurrutxaga, 90eko hamarkadan. Niko Etxartek euskarara ekarritako bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena Keu Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta zuzeneko ugari eskaini dituen; iaz elkarrekin sorturiko Izanak abestia plazaratu zuten bi musikariek—, baina sekula ez dio kantuak sortzeari utzi. (iturria: badok.eus)