Maiatzaren 16an jokatuko da ‘Plazatik Gaztetxera’ bertso txapelketako Elgoibarko kanporaketa

Barren.eus 2015ko mai. 7a, 18:22

Maiatzaren 8an, barixaku honetan, hasiko da Plazatik Gaztetxera bertso txapelketaren 14. edizioa Soraluzen. Guztira zazpi saio jokatuko dira, eta Elgoibarkoa maiatzaren 16an izango da. Ekainaren 13an jokatuko da finala Markinan. (bideoa dauka)

Elgoibarko saioan ondorengo bertsolariek hartuko dute parte: Manex Astigarraga, Maddi Sarasua, Antton Aizpurua, Ainhoa Sarasua, Aitor Bizkarra, Txaber Ormazabal, Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz. 22:30ean hasiko da saioa, eta nahi duenak gaztetxean afaltzeko aukera izango du. Lanbroa eta Iratxo tabernetan eskuratu daitezke afaritarako txartelak, maiatzaren 14a baino lehen.

XIV. Plazatik Gaztetxera Txapelketa, baina, Soraluzen hasiko da barixaku honetan, maiatzaren 8an. Soraluzeko Gaztetxean jokatuko da lehen kanporaketa. Azken edizioetan bezala, aurten ere bikoteka parte hartuko dute bertsolariek txapelketan. Guztira zazpi saio izango dira eta 32 bertsolarik parte hartuko dute. Ekainaren 13an amaituko da Markina-Xemeinen.

Edizio berria; helburu zaharrak

Edizio berriak helburu zaharrak betetzen jarraitzeko asmoa dakar. Bertsolari gazteeri kantatzeko aukera ematea, baita bertsoa gazteengana gerturatzea ere. Modu honetan, antolakuntza lanetan ari diren zazpi gazte asanbladen artean egingo dituzte epaile, gai jartze eta bestelako lanak ere. Horretarako, arloka lanean ari diren taldeak sortu dituzte. Urteen lanarekin,  ingurune batean sustraitu den txapelketa dela azaldu dute antolatzaileek. Hori baliatuz, bestelako txapelketa ereduak bilatu eta probatu nahi dituzte. "Berrikuntza bila baino, molde atsegin eta erakargarrietarantz, bertsolari, entzule zein epaileentzat".

Txapelketak hiru fase edukiko ditu. Lehenengo fasean, lau kanporaketa jokatuko dira, eta kanporaketa bakoitzean lau bikotek parte hartuko dute. Guztira hamasei bertso-bikote; horietako zortzi pasako dira finalerdietara. Kanporaketa bakoitzeko bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da; gainerako laurak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Bigarren fasean bi finalerdi izango dira. Horietako bakoitzean lau bertso-bikote. Finalerdietako saio bakoitzeko bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera. Beste biak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Saio guztiak gaueko 22:30ean hasiko dira eta aurrez gaztetxean bertan afaltzeko aukera egongo da.

• Plazatik Gaztetxera Eguna

Txapeleketa borobiltzeko, Plazatik Gaztetxera Eguna egingo da Markina-Xemeinen, Ekainak 13an. Egun guztiko egitaraua prestatzen ari dira eta tartean izango da aurtengo edizioko finala.

Txapelketa iragartzeko honako bideoa egin dute antolatzaileek: