Txikimusika: umeentzako musika ekitaldiak maiatzeko domeketan

Barren.eus 2015ko mai. 7a, 10:04

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren barruan, Txikimusika izeneko egitasmoa antolatu dute maiatzerako Sinuosek, Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Inazio Bereziartua Musika eta dantza eskolak. Hortaz, maiatzeko domeketan etxeko txikienentzako musika ekitaldiak izango dira. 

Elgoibarko Udal Musika Bandak eskainiko du Txikimusika egitasmoko estraineko musika emanaldia domeka honetan, maiatzaren 10ean. Musika Bandak haurrentzako kontzertu berezia eskainiko du 12:30ean Herriko Antzokian. Musika tresnak erakutsi eta pieza ezberdinak joko dituzte musika banda etxeko txikienei gerturatzeko asmoz. 

• Kontzertuak domekero

Maiatzaren 17an Mursego musika talde eibartarrak kontzertua eskainiko du. Kultur Etxeko sotoan izango da, 17:00etan. Astebete geroago, maiatzaren 24an, Belceblues musika taldeak bluesaren jatorria azalduko die gazteei. Musika eskolan izango da kontzertua, 17:00etan hasita. Hilaren 31n izango da azken saioa. Munlet taldearen txanda izango da. Mendaroko bikoteak ere Kultur Etxeko sotoan eskainiko du rocka eta musika elektronikoa nagusi izango diren kontzertua (17:00).

2015 05 06 txikimusikamursegodenaflows

2015 05 06 txikimusikamunlet

2015 05 06 txikimusikabelcebluesua