Karmele Elorzak eta Roberto Merinok irabazi dute herriko balkoi edo leiho ederrenaren saria

Barren.eus 2018ko uzt. 19a, 10:09

Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketako sarituak zein izan diren jakitera eman ditu Elgoibarko Udalak. 23 lagunek hartu dute parte Elgoibarren eta bi lagunek lortu dituzte sariak: Mari Carmen Elorzak eta Roberto Merinok.

Elgoibarren ez ezik, Deban, Eibarren eta Ermuan ere egin da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketa honen helburua izan da, herritarren parte-hartzearen bidez, Elgoibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea. Aurrekoez gainera, landareak zaintzeko ohitura zabaldu eta sustatu nahi dute.
Lehiaketak apirilean abiatu ziren eta, deialdiarekin batera, lore banaketak egin zituzten lau udalek, herritarrei loreak oparitzeko. Guztira, 1.150 lore banatu zituzten. Elgoibarren 200 lagun gerturatu ziren lore banaketara; eta, gero, 23 lagunek hartu dute parte lehiaketan. Sariei dagokienean, herri bakoitzean 150 euroko bina sari banatu dituzte. Karmele Elorza eta Roberto Merino saritu dituzte Elgoibarren. Eskualdeko saria Itziarreko bizilagun batek irabazi du.
Epaimahaiko kideek uztailean zehar ikusi eta baloratu dituzte balkoi eta leihoak. Epaimahaiaren balorazio irizpideak honako hauek izan dira: konposizioaren originaltasuna eta sormena, apainketaren kalitatea, apainketaren harmonia eta diseinua, eta konplexutasuna.
Lehiaketan izena eman ez duten balkoi dotoreak ere ikusi dituztela nabarmendu du epaimahaiak, eta horiei ere eskerrak eman dizkiete "herriko irudia hobetzen lagutzeagatik".

Hona Elgoibarren saritutako bi balkoiak:

2018 07 19 balkoi leiho lora lehiaketa elgoibar 1

2018 07 19 balkoi leiho lora lehiaketa elgoibar

Eskualdeko saria irabazi duen balkoia da honakoa: (Elgoibar, Eibar, Ermuan eta Deban sarituak: debegesa.eus)

2018 07 19 balkoi irabazlea debabarrena