'El Cuaderno de Sara' eta 'Coco' filmeekin hasiko dira Kalegoen plazako zine emanaldiak

Barren.eus 2018ko uzt. 5a, 19:19

Aire libreko zine emanaldiak hasiko dira asteburu honetan. El Cuaderno de Sara filma emango dute barixakuan eta Coco zapatuan.

Elgoibarko Udalak hamar film emango ditu Aire libreko zine emanaldietan, uztailaren 6tik 29ra bitartean. Saio guztiak Kalegoen plazan izango dira 22:30ean.

Barixaku honetan, hilaren 6an, emango dute aurrenekoa: El Cuaderno de Sara (Norberto Lopez Amado, Espainia, 2018). Kongoko oihanean desagertu zen ahizparen bila Afrikara, 'gerra-gizonen' lurraldea deritzon herrira, iritsiko den emakumearen istorioa kontatzen du El cuaderno de Sarak. Hona sinopsia: Laurak urteak daramatza bere ahizpa Sararen bila. Sara Kongoko oihanean galdu zenetik, inork ez du haren berririk, ez lanean ari zen Gobernuz Kanpoko erakundeak, ez Enbaxadak. Inork ez daki non dagoen, ... Kongoko ekialdeko meatzari-herrixka batean Sararen irudi lausotua erakusten duen argazkia agertzen den arte. Bat-batean, Laura Kinsahara joango da, “Gerraren Jaunen” lurraldean barneratzeko prest, ahizpa biak elkarrengandik aldendu zituzten desadostasunak albo batera utzita, eta abentura horrek bere bizitza arriskuan jarriko duela pentsatu ere egin gabe.

• Coco, zapatuan
Zapatuan Coco filma ikusi ahal izango da Kalegoen plazan. Coco Pixar etxeko pelikula bat da, iaz estreinatu zena. Mexikon kokatzen da eta musika maite duen gazte baten istorioa kontatzen du. Familiaren debekuak debeku, musikaren munduko mito bihurtu nahi duen gaztea da Miguel. Pasio horrek “Hildakoen Lurraldean” barneratzera bultzatuko du, familiaren benetako ondarearen bila. Zine-kritikarien iritziz, Pixar etxeak azken urteotan egin duen lanik ederrenetako bat da, koloretsua eta hunkigarria.