Euskalgintza eta kulturgintza, Euskara ala Ezkara zikloaren 10. urteurrenean

Barren.eus 2018ko uzt. 4a, 15:30

Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen duten zikloak 10 urte beteko ditu aurten. Kulturgintza izango da aurtengo gai nagusia eta izen handiko 21 kulturgile gonbidatu dituzte. Izena Elgoibarko Izarran eman behar da eta epea zabalik dago dagoeneko.

Antolatzaileenh berbetan, modu berezian ospatuko dute Euskara ala ezkara zikloaren 10. urteurrena. Urriaren 6an izango da (zapatua) eta egun osorako programa prestatzen dihardute. "Oraindik ezin dugu programa goitik behera zehaztu, baina bizkarrezurra erabakita daukagu. Kulturgintza izango da gai nagusia eta gurera etorriko diren 21 gonbidatuak ere lotuta dauzkagu", azaldu dute. Beheko irudian ikus ditzakezue Euskara ala ezkara Elgoibartik Euskal Herrira zikloan parte hartuko duten lagunen izen-abizenak eta landuko dituzten gaiak.

IMH ikastetxean ekingo diote zikloari, 9:30ean, eta Kultur Etxeko sotoan emango diote amaiera 19:30ak aldera.
Edukiei dagokienez, hitzaldiak, diagnosiak, gogoetak, elkarrizketak, poesia musikatuak edo musika emanaldiak izango ditu jardunaldiak, besteak beste.
Izena Elgoibarko Izarran eman behar da eta epea zabalik dago dagoeneko. Matrikula 30 eurokoa da, pintxo-bazkaria barne.
• Informazioa jaso eta izena emateko:

Orain arteko edizioak bezala, aurtengoa ere Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu dute elkarlanean. Laguntzaileei dagokienez, berriz, DanobatGroup taldearen diru-laguntza jaso du ekimenak, eta IMH ikastetxeak antolatzaileen zerbitzura laga du eraikina.

2018 07 04 euskara ala ezkara elgoibar izarra kartela 10 edizioa