Gararock musika jaialdiak badauka kartela

Barren.eus 2018ko eka. 30a, 14:53

Ia hiru hilabete barru egingo dute hirugarren Gararock jaialdia Mendaron, irailaren 22an. Antolatzaileak, baina, lotuta dute garrantzitsuena, Garagartza auzoan joko duten musika taldeak, alegia: Biznaga, Anari, Jupiter Jon, Last Fail Deal...

Ander Mujika musikari elgoibartarrrak diseinatutako kartelak iragarriko du hirugarren Gararock musika jaialdia. "Kartel magiko bat gau magiko baterako", antolatzaileek azaldu dutenez. Kartelean ageri dira aurtengo jaialdian joko duten zazpi taldeak: Biznaga, Anari, Jupiter Jon, Last Fail Deal, Dr. Maha´s Miracle Tonic, Trakamatraka eta DJ Art-etxe.

Gararocken parte hartuko duten taldeen izenak baieztatu ahala sare sozialetan eman dute horien berri antolatzaileek azken asteetan. Hona lotu dituzten taldeei buruz esan dituztenak.
Madrilgo Biznaga punk-rock talde interesgarri eta freskoenetarikoa dela esan dute. "Seguru gaude Garagartzako plaza hankaz gora jarriko dutela". Era berean, Anari Alberdi "Anari" (Azkoitia, 1970) abeslaria eta lagun izango dituen musikariak -tartean Ander Mujika- Mendarora estreinakoz ekartzea "benetako luxua" izango dela diote. Adarra Saria jaso berri du Anarik, Musikaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 21ean. Sari hori jasotzen duen lehen emakumea izan da gainera azkoitiarra. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko.
Jupiter Jon taldeari buruz, gaur egun Euskal Herrian topa daitekeen proposamen musikal interesgarrienetakoa dela nabarmendu dute Gararock antolatzen diharduten lagunek. "Nekez sailka genezake Irungo talde hau musika estilo zehatz batean. Seguru gaude aurtengo Gararock-eko altxor bitxia izango dela Jupiter Jon".
Hard-rocka eta bluesa "maisutasunez" uztartzen dituen Bilboko Last Fair Deal hirukoak ere joko du Gararocken. "Izerditan jarriko gaituzte hauek, hasi zaitezkete oinak eta lepoa berotzen, gogoz astindu beharko dituzue-eta".
DJ ART-etxe izan da jaialdira batzen azkenetarikoa. Iñigo Artetxe zarauztarrak (Rockumentalak!) 60ko hamarkadako musika, garaje, psikodelia edota surf doinuak ekarriko ditu Mendarora. Pastelarentzako ginda izango da antolatzaileen esanetan.

•Ume eta helduentzako
Musikazale gaztetxoenek ere izango dute eurentzako moduko musika Gararocken. Batetik, Dr. Maha & The Miracle Tonic taldearekin. eta, bestetik, Trakamatrakako Jon Urrutiak birziklatutako elementuekin egin daitezkeen musika-tresnak erakutsiko dizkie gazte eta helduei. Izan ere, Gararocken lehen urtetik izan dituzte kontuan "etorkizunerko musikoak".

Ikus hemen 2017ko Gararock jaialdiko irudiak

2018 06 29 2017 09 23 gararock mendaro atzetik2