Euskal dantzak ikasteko saioak Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2018ko eka. 26a, 14:34

Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Inazio Bereziartua musika eskolak Lizarrako larrain-dantza ikastaroa antolatu dute Elgoibarren. Era berean, arin-arin eta fandango ikastaroa antolatu du Mendaroko Udalak.

Lizarrako larrain-dantza ikasteko Haritz dantza taldeak eskainiko dituen  bi saioak ekainaren 30ean eta uztailaren 14an izango dira 10:30etik 13:00etara, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako dantza gelan. Izenemateko azken eguna gaur, ekainak 26, da. Eskolako harrerara joan eta 20 euro ordainduta egin daiteke izenematea. Ikastarorako, gutxienez, 10 laguneko taldea osatu beharko da.

Lizarrako ingurutxoa edo larrain-dantzaren inguruan, asko dantzatzeaz gain, asko idatzi eta esan izan da, beti ere eztabaidarako lekua utziz. Haren sorrera, aldaerak, bilakaera, dantzakera, musikak... eman dute zeresanik. Lizarrako larrain-dantzaren jatorria eta bilakaerari buruzko xehetasun gehiago dantzan.eus web orrian duzue.

• Arin arina eta fandangoa, Mendaron
Mendaroko Udalak arin arina eta fandangoa dantza egiten ikasteko ikastaroa antolatu du Mendaroko Gaztelekuaren eta Gaztetxearen laguntzaz. Uztailaren 2tik 19ra bitartean izango da ikastaroa, Gaztetxean. Astelehenetan eta ostegunetan izango dira saioak, 19:00etatik 20:30era. Hamabi urtetik gora eduki behar dira parte hartzeko eta 20 euro ordaindu behar dira jasoko diren sei saioen trukean. Honako lekuetan eman daiteke izena. Aitzbeltz, Ormola eta Jubilatuenean.