Deabru Beltzak taldeak girotuko ditu San Joanak Mendaron

Barren.eus 2018ko eka. 22a, 16:20

Sanjoanak ospatuko dituzte gaur eta bihar Mendaron. Hasteko, Deabru Beltzak taldeak kaleko dantzak, sua eta erritmoa osagai dituen Su à Feu ikuskizuna eskainiko du, gaur gauean, Herriko Enparantzan.

Etorkizuneko pertsonaia bitxiek Mendaroko kaleak eta Enparantza inbaditu eta eraldatuko dituzte gaur gauean, 22:00etatik aurrera. Deabru Beltzak taldearen Su à Feu ikuskizunean kalea zena erritual modernoek eguneroko bizitzaren keinuak integratzen dituzten leku bilakatzen da, eta munduko hainbat lekutako erritmo eta su primitiboak uztartzen dituzte horretarako. Danborrak, dantza eta sua.

Su à feu ikuskizunak Les tambours de feu eta Bande déplacée lanekin hasitako trilogia osatzen du. Lan horiekin munduan barrena ere ibili dira hamaika emanaldi eskainiz. Elgoibarren ere izan dira behin baino gehiagotan Deabru Beltzak taldekoak, joan den urteko sanbartolomeetan azkena. Ume eta Jubilatuen Egunean ibili ziren Elgoibarko kaleetan.

Bihar, San Juan Bezperan, Aker eta bere segizioaren txanda izango da. Trinitatetik irtengo dira, 22:00etan. Plazara ailegatzen direnean, San Joan sua piztu eta dantzak eta abestiak izango dira plazan, Mendaroko Udalak Ludutekarekin eta Gaztelekuarekin elkarlanean antolatutako ekitaldian.