Musika taldeek entseguak egiteko bost lokal sortuko ditu Udalak Pedro Mugurutzan

Barren.eus 2018ko eka. 13a, 09:58

Pedro Mugurutzako eskola egon zen eraikinean bost entsegu lokal egiteko lanak hasi ditu Elgoibarko Udalak. Herriko musika taldeek erabili ahal izango dituzte eta urrirako prest egotea aurreikusten dute.

Eraikinaren sotoan hutsik zegoen lokaletako batean egingo dituzte bost entsegu gelak, bakoitza hogei metro koadrokoa eta intsonorizatua. Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 153.000 euroko kostua (B.E.Z. kanpo) izango dute lanek. Murgil eraikuntza enpresa ari da lanak egiten (ikus kontratuaren esleipena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean). Aurreko astean hasi zituzten lanak eta lau hilabetean bukatuko dituztela aurreikusten dute, urrirako. 

Musikarekiko zaletasun handia dagoela herrian azaldu dute Udaleko arduradunek, izan ere, 541 ikasle ditu Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolak, eta 23 irakaslek dihardute lanean 2001. urtean ireki zuten eraikinean.
Elgoibarko alkate Ane Beitiaren esanetan, musika eskolatik kanpo hamabost talde inguru dituzte identifikatuta Elgoibarren. "Hainbestekoa da eskaera, non horietako talde askok entseguak egiteko lekurik ez dutela, eta hortaz, Elgoibartik kanpo joan behar dira bestelako aukeren bila. Esparru horretan dauden zailtasunen jakitun, Udalak, ahal duen neurrian, laguntza eskaini nahi die, entseguak egiteko toki bat eskainiz eta zergatik ez, gure herrian etorkizunean ospatuko diren kontzertuetan beren parte-hartzea sustatuz", esan du Beitiak.
• Izena emateko deialdia irailean
Pedro Mugurutzan egokitzen ari diren entsegu lokal horiek erabili nahi dituzten herriko musikariek irailetik aurrera eman ahal izango dute izena, deialdia irekitzeko asmoa duela jakinarazi baitu Udalak.

2018 06 13 musika taldeak entsegua elgoibar mugurutza obretan

2018 06 13 musika taldeak entsegua elgoibar mugurutza