Jendez gainezka izan zen Maala Udal Musika Bandaren Rock Gauean

Barren.eus 2018ko eka. 11a, 15:35

Ostiralean, ekainaren 8an, rock doinuek jantzi zituzten Maalako parkeko txoko guztiak. Udal Musika Bandarekin batera Alex Sardui, Jon Gurrutxaga eta Jon Zabala izan ziren kantuan eta beste hainbat musikarik ere osatu zituzten doinuak. Musika horrekin gozatuz jendez lepo egon zen Maalako parkea.

Elgoibarko Udal Musika Bandak ipini zituen Rock Gaueko doinuak joan zen ostiralean Maalan eta hauekin batera Silvia Hernandez aritu zen teklatuan, Patxi Zabaleta eta Juan Carlos Martin gitarrarekin eta Andoni Mujika baxuan. Horien guztien doinuak ahotsez jantziz Gatibuko abeslari Alex Sardui eta Jon Gurrutxaga eta Jon Zabala kantari elgoibartarrak aritu ziren.

Bandako abeslariak eserita zeudela aurrean herritar mordoa egon zen zutik abestiekin gozatuz eta batzuk baita taula gaineko kantariekin batera abestuz ere. Aurrean ume ugari eta gainontzean askotariko elgoibartarrek benetan gustura entzun zuten kontzertua. Gatiburen abestiak kantatu zituen Alex Sarduik eta Gurrutxagak eta Zabalak bestelako hainbat kantu Rolling Stones, Pink Floyd eta Led Zeppelinenak besteak beste. Bakarka abestu zituen gehienak, baina Jon Gurrutxagak ahotsez besteak ere lagundu zituen. Kontzertua bukatuta zegoela zirudien arren hiruek batera Lau Teilatu abestia eskaini zuten eta propina moduan baita beste bi kantu ere.

• Musikariak eta abeslariak gustura

Gorka Mujika bandako zuzendariaren esanetan, musikariak eta abeslariak oso gustura daude bai kontzertua nolakoa izan zen eta baita entzuleek nola erantzun zuten ikusita. "Entzule askok esan didate oso ondo aritu ginela eta benetan gozatu zutela. Izan zen horrelako kontzertuak hilabetean behin egin beharko genituzkeela esan zigunik ere. Hori ez, baina kontzertuaren arrakasta ikusita egingo dugu horrelako beste zerbait aurrerago". Orain Udal Musika Bandak atseden hartuko du San Bartolome Egunera bitartean eta ondoren, irailean hasiko dira Herriko Antzokiko ohiko kontzertuekin.

2018 06 08 rock gaua elgoibar banda gurrutxaga zabala sardui maala

 rock gaua elgoibar banda gurrutxaga zabala sardui maala 1