Estilo askotariko hamar abesti joko dituzte Rock Gauan

Barren.eus 2018ko eka. 8a, 11:22

Ailegatu da eguna. Eguna baino gehiago, gaua: Rock Gaua. Izen hori eman zioten 2016an Elgoibarko Udal Musika Bandak Jon Gurrutxagarekin batera rock doinuak eskainiz emandako kontzertuari. Gaur, ekainak 8, berriz helduko diote orduko egitasmoari, iaz Celtas Cortos taldearekin aritu ostean.

22:30ean izango dute zita banda eta rock zaleek, doinu bereziok entzuteko. Oraingoan, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarraz gain, beste herritar bat ere izango da taula gainean: Ehun Kilo taldeko abeslari Jon Zabala. Hirugarren, laguna, kanpotik gonbidatu dute: Alex Sardui Gatibuko kantaria. Maalako parkean hiru kantarioz eta Elgoibarko Udal Musika Bandako musikariez gain, beste hainbat musikari elgoibartar ere ariko dira, baina, oholtzan: Silvia Hernandez teklatuan, Patxi Zabaleta gitarran, Juan Carlos Martin musika eskolako irakaslea gitarrarekin eta Andoni Mujika baxuarekin. 

Juanma Saezen konponketak

Gatibu taldeko abeslari Alex Sarduiri komentatu zioten Rock Gauan parte hartuko zuen, eta haren baietza jaso zutenean hasi ziren aurtengo kontzertua prestatzen. Bigarren pausoa, berriz, jo nahi zituzten abestiak bandarako egokitzea izan zen. “Ez da lan makala”, aitortu du Gorka Mujika Udal Musika Bandako zuzendariak. “Zuzendari ordea, Juanma Saez, artista bat da lan horietan eta berak egin ditu konponketak”. Alex Sardui da Elgoibartik kanpora aurpegi ezagunena, baina bi herritar ere ariko dira kantuan: Jon Gurrutxaga eta Jon Zabala. “Elgoibarkoak direlako eta primeran abesten dutelako aukeratu ditugu Gurrutxaga eta Zabala. Gure helburua beti izan da Elgoibarko jendeak parte hartzea ekimen hauetan, eta bi abeslari horiez gain, herriko beste musikari batzuk ere parte hartuko dute kontzertuan”.
• Estilo askotariko hamar abesti
Bandaren maila musikalki oso ona dela uste du Gorja Mujikak eta ondo erantzuten dutela. “Guk ohiko kontzertuetan 4 edo 5 abesti jotzen ditugu, baina oraingoan hamar izango dira, ezberdinak gainera. Estiloa ez da berbera eta ezberdin landu behar dira; hala ere ziur gaude ondo irtengo dela”. Jende asko espero du bandako zuzendariak gaurko kontzertuan, askotariko jendea gainera. “Badakigu Alex Sarduik jende gazte asko ekarriko duela, Euskal Herrian gazte ugari erakartzen dituen taldea delako Gatibu. Beste abestiek beharbada jende nagusiagoa erakarriko dute, baina publiko guztiak asetzeko moduko eskaintza da. Espero dut, beti bezala, jendeak gurekin disfrutatzea. Guk gozatuko dugu jotzen, eta entzuleek ere goza dezaten nahi dugu”.

ROCK GAUA, EGITARAUA:

  1. ROCK CLASSICS .......................................................... (Konponketak Peter Shüller)
  2. PINK FLOYD MEDLEY .................................................... (Konponketak Robert Fienga)
  3. ZEU ZEU .................................................................... GATIBU (konponketak Juanma Saez)
  4. EZ NAUZU EPAITU ........................................................ GATIBU (Konponketak Juanma Saez)
  5. FEELING GOOD ............................................................ Anthony Newley eta Leslie Bricusse (Konponketak Juanma Seaz)
  6. METAL ......................................................................... (Konponketak Sean O´Loughlin)
  7. BANG BANG TXIKI TXIKI BANG BANG ............................. GATIBU (Konponketak Juanma Saez)
  8. LAND OF THOUSANDS .................................................. Chris Kenner (Konponketak Juanma Saez)
  9. LED ZEPPELIN ON TOUR ............................................... (Konponketak Patrick Roszell)
  10. EURITAN DANTZAN .................................................... GATIBU

 Jon Gurrutxagak, Jon Zabalak eta Alex Sarduik kontzertuari buruz esan dituztenak BARREN aldizkarian (1079. zenb.) irakur ditzakezue.

rock gaua elgoibar banda abeslariak adierazpenak

 Lotura duten albisteak: