Zinemak eta dantzak bat egingo dute Biraka elkartearen kurtso bukaerako jaialdian

Barren.eus 2018ko eka. 1a, 12:02

Biraka dantza elkarteak ikasturte bukaerako jaialdiak eskainiko ditu Debabarreneko hainbat herritan, tartean Elgoibarren eta Mendaron. Filme ezagunetako musikarekin osatu dute aurtengo ikuskizuna: Biraka Zinema.

Zinema eta dantza uztartuko ditu Biraka elkarteak antolatu duen kurtso bukaerako jaialdiak. Guztira, Elgoibar, Mendaro, Eibar eta Soraluzeko 160 dantzarik hartuko dute parte Biraka Zinema ikuskizunean, batzuk hamar urte edo gehiagoan dantzan dabiltzanak. Lau urtetik hasi eta 45 urterainokoak dira dantzariak.

• Mendaron ekainaren 8an

Joan den maiatzaren 25ean eskaini zuten estreinakoz jendaurrean Biraka Zinema 2018, Soraluzen. Eguaztenean eta eguenean Eibarren eskaini zuten eta gaur ere beste saio bat emango dute. Hala, errodajea eginda ailegatuko dira Mendarora, ekainaren 8an, ostirala. Goñati pilotalekuan emango dute saioa, 22:00etan. Elgoibarren hiru egunetan eskainiko dute Biraka Zinema: ekainaren 13an, 14an eta 15ean. Herriko Antzokian izango dira emanaldiak, 20:00etan hasita. Saio bakoitzak ordubete eta hobei minutuko iraupena izango du. Ikuskizunerako sarrerak gaur (ekainak 1) arratsaldetik jarriko dituzte salgai Pitxintxun. Hiru euroan salduko dituzte sarrerak.
Ikasturte bukaerako jaialdia ideia jakin baten bueltan antolatzen du Birakak eta zinemako filmeetako abestiei jarri diete koreografia aurtengoan. "Dantza askok zerikusia izango dute zinemarekin: ez badira zinemarekin lotutako musiketan oinarritutakoak, istorioren bat kontatzen duten dantzak izango dira, pelikulak izango balira bezala. Baina guztiak ere motzak izango dira, ze saiatzen gara emanaldia oso dinamikoa izan dadin, eten gutxirekin. Beste urte batzuetako saioetan oinarrituta, ikusi dugu jendeari asko gustatzen zaizkiola gure ikuskizunak, asperetzeko aukerarik ematen ez dutelako”, azaldu du Josu Mujikak, Biraka Dantza Elkarteko zuzendariak.

2018 05 31 biraka dantza elgoibar mendaro

2018 05 31 biraka dantza elgoibar mendaro v1