Jose Martin Urrutia ‘Txotxe’-ren marrazki, postal eta antzezlanak izango dira ikusgai Kultur Etxean

Barren.eus 2018ko mai. 31a, 19:42

Antzerkian gertuko izan zituenek eta lagunek Txotxe gogoan erakusketa ipiniko dute Jose Martin Urrutia Txotxeren omenez, ekainaren 7tik 16ra bitartean Kultur Etxeko erakusketa gelan. Debako Antzerki Astean ere izan dute gogoan Txotxe.

Otsailean hil zen Jose Martin Urrutia Txotxe sortzaile eta antzerkilaria. Bere antzezlanak jende aurrean azaldu zituen arren, izan dira urteotan hain agerian geratu ez diren zenbait lan, marrazkiak, batez ere. Beraz, antzerkian gertuko izan zituenek eta lagunek Txotxe gogoan erakusketa ipiniko dute ekainaren 7tik 16ra bitartean Kultur Etxeko erakusketa gelan, 18:30etik 20:30era.
Antzerkia eta marrazkiak zituen gustuko, eta horiek lotuko ditu bere ibilbide osoa bilduko duen erakusketak. Izan ere, gertuko lagunek aitortu dute eurek ere harrituta gelditu direla hainbat gauzarekin eta horiek azaleratu edo bistaratu nahi dituzte. Besteak beste, antzezlan askotarako kartelak egin zituen Txotxek Ekekeirekin, Taupadarekin, Durangoko Ikastolako taldearekin zein Karrikarekin, baita antzerki obra pila bat idatzi ere. Marrazkilari modura bestelako lanak ere egin zituen. Esaterako, Elgoibarren Inauterietako kartelak edo Maalako Gune Askearentzako jaietarako irudiak. Bidaietako agendak ere egongo dira, baita oporretara joaten zenean bidaltzen zituen postalak ere, berak marrazten zituelako.
• Omenaldia Debako antzerki jardunaldietan
Txotxe oroitzeko ekitaldi gehiago ere izan dira, baina, egunotan. Debako antzerki jardunaldietan Durangoko Karrika antzerki taldeak Txotxeren azken antzerki obra, Deshakesperazioa, eskaini zuen eta hango Goaz! antzerki taldekoek omenaldia ere egin zioten joan den zapatuan, taldeko zuzendari izan baitzuten Txotxe. Angus Perezek Berria egunkarian idaztzi du Deshakesperazioa antzezlanaren kronika: Itsasorantz umezurtz.

Ikasgaia Deban
Ekainaren 1ean, barixakua, Elgoibarko Taupada antzerki taldea izango da Debako Antzerki Asteko protagonista. Ikasgaia izeneko obra antzeztuko dute Aldats pilotalekuan, 22:00etan. Joan zen urteko abenduan estreinatu zuten Ikasgaia obra Elgoibarren. Irakasle baten iluntasunak eta ikasle gazte baten argitasunak bat egiten dute obran. Jon Olivares izango da irakaslea eta Sara Iriondo ikaslea.