Frantziako Brass Band BorGiAq metal taldeak kontzertua emango du Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko mai. 17a, 14:05

Brass Band BorGiAq Frantziako metal musika taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan (maiatzak 19), Elgoibarko Herriko Antzokian. Mota honetako talde frantziarren artean onenetarikoa da eta ordubete inguru iraungo duen emanaldirako sarrera doakoa izango da. 

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatutako kontzertuan Bordeleko, Girondeko eta Akitaniako 35 musikari arituko dira: profesionalak, Bordele Eskualdeko Kontserbatorioko ikasleak, inguruko musika eskoletako ikasleak eta amateurrak. Musika kalitate bikaina du Brass Band talde honek eta mota honetako talde frantziarren artean onenetarikoa da. Amboise hirian eginiko metal taldeen lehiaketa batean, esaterako, bigarren saria lortu zuten, publikoaren saria eta bakarlari onenarena irabazteaz gainera.

Taldeko musikarien pasioak eta talentuak gatza eta piperra ematen die beraien doinuei. Barroko, rock, klasiko zein jazz, estilo askotariko abestiak jotzen dituzte; Bach, Mozart, Rossinir, Nougaro, Bernstein, Gerschwin, Duke Ellingtonenak... Fin eta bertutez aritzen direnez Ravelen Boleroa, Aranjuezeko kontzertua, zinemako musika zein doinu garaikideak eskaintzeko gai dira. 
Brass Band BorGiAq taldeak Herriko Antzokian eskainiko duen emanaldia 12:30ean hasiko da.