Sotoan eta Gaztetxean kontzertuak izango dira eguenean eta barixakuan

Barren.eus 2018ko mai. 16a, 08:53

Sinuosek antolatuta, Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary musikariek Bas(h)oan diska aurkeztuko dute eguen honetan Sotoan. Barixakuan, berriz, Talka bertsio talde akustikoa zuzenean arituko da Sutegixa gaztetxean.

Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary musikariek proposamen bitxia bezain ezberdina eta transgresorea sortu dute: Bas(h)oan. Robbie Basho (1940-1986) musikariaren lana plazaratu dute diska honetan. Elkarrekin osatu duten lanaren ezaugarri nagusiak dira herri tradizioa, ikuspegi unibertsala, eta garaikidetasuna. Bakoitzak bere munduan nortasun handiko musikariak izanda, hirurak elkartuta sekulako trasmisio ahala lortzen dute. Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan eskainiko duten zuzenekoa 22:00etan hasiko da, eguen honetan, hilaren 17an. Bas(h)oan diskari buruzko informazio osoagoa www.badok.eus webgunean.

• Talka taldearen zuzenekoa Sutegixan

Elgoibarko Sutegixa gaztetxeak orain dela gutxi hasi zuen hilean behin kontzertu bat eskaintzeko ekimena, Sinuoserekin batera herriko musika emanaldien eskaintza osatzeko. Hil honetako kontzertua barixakuan, maiatzaren 18an, izango da. Lagun eta garagardo artean sorturiko Talka bertsio talde akustikoak emango du emanaldia gaztetxean. Orotariko euskal abestiak bertsionatzen dituzte, taldearen ikutu pertsonala emanaz era akustikoan. 23:00etan hasiko da kontzertua eta hiru euroan salduko dituzte sarrerak.

Elgoibarko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, Trinitate jaietarako musika emanaldia ere prestatu dute. Joxpa taldearekin erromeria antolatu dute Trinitate Egunerako. Domeka goizaldean, 1:00etan, hasiko da Joxparen emanaldia. 

2018 05 16 talka musika bertsioak elgoibar gaztetxea

∞Lotura duten albisteak: