Fractality taldeak "Demon" disko laburra aterako du

Barren.eus 2018ko mai. 14a, 19:18

Ermuako eta Elgoibarko kideak dituen Fractality bandak Demon lehendabiziko EPa aterako du laster. Eskola zaharreko death metal gordina jorratzen du boskoteak.

Iker Diego eta Patxi Zabaleta elgoibartarrak kide dituen Fractality musika taldeak Demon izeneko disko laburra kaleratuko du. Ekaitz Garmendia (Legen Beltza, Extinction) musikari eta gitarjolearen gidaritzapean lau abesti grabatu dituzte, Eibarko Legarrec estudioetan eta Karrantzako BlackStorm estudioetan.

Louis Boulanger artistaren La Ronde du Sabbat (1828) artelana oinarri duen azala eta abesti zerrenda ikus ditzakezue Euskal Herriko heavy metalaren ataria den herrikoburdina.eus webgunean. Lan berriaren aurkezpen kontzertua Portugaleteko Groove aretoan eskainiko du Fractalityk, ekainaren 30ean, Cerebral Effusion eta Vermis Antecessor taldeekin batera
Hona Demon diskoko aurrerapen abestia, Devoured by Rats:

2012 urtean zehar hasi zen Fractality taldea lehen urratsak ematen. Hasieran Oskar (baxua), Aure (bateria) eta Rubio (gitarra) batu ziren Ermuko lokal batean. Rubiok taldea laga zuen eta lagun baten bitartez Iker Diego gitarra jole elgoibartarra batu zen taldera, eta hirukote formatuan maketa bat grabatu zuten Eibarko Legarreko estudioan.
2015ean beste gitarjole elgoibartar bat batu zen taldera, Patxi Zabaleta. Diegorekin batera Elgoibarko Mutilated Soul taldean ibilitakoa da Patxi 90ko hamarkadaren amaieran. Urtebetez Igor izan zen taldeko abeslaria baina honek ere taldea laga zuen eta Bertok hartu zuen mikrofonoa. Taldeak 2017an eman zituen bere lehen kontzertuak. 2017ko abenduan Kultur Etxeko Sotoan ere eskaini zuten kontzertua, Sinuosek antolatuta.