Fernando Bautista: “Bidaiatzeko dena aurrez lotzeak ez du graziarik”

Barren.eus 2018ko mai. 10a, 19:24

Fernando Bautista "McBauman" motozale elgoibartarrak Europako herrialde guztiak bisitatu ditu. Europatik kanpo Afrikan (Maroko, Mauritania, Kenya, Senegal) eta Japonian ere egona da. Argentinan, Patagonian barrena, egindako azken bidaiatik bueltan, motozale bizimoduari buruzko hainbat gorabehera kontatu dizkigu.

“Beti bueltatzen naiz pozik nire bidaietatik, itzultzen naizelako; eta triste, bueltan natorrelako”, hori dio El escondite de los viajes blogean Fernando Bautista motozale elgoibartarrak. Motoz egiten ditu bidaia guztiak, eta Argentinan, Patagonian barrena, egindako azken bidaiatik bueltan, motozale bizimoduari buruzko hainbat gorabehera kontatu dizkigu, mototik apenas jaitsi gabe, hori baitu eguneroko garraiobide.

-Nondik datorkizu motoetarako zaletasuna?

Umetan gustuko nuen motoen mundua, baina etxekoei beldurra ematen zieten motoek, beraz, baztertu egin behar izan nuen. Baina Ibizara joan nintzen bizitzera eta hara iritsi nintzenean, eroso ibiltzeko motoa behar nuela iruditu zitzaidan. Erabaki, auto-eskolan izena eman, eta bi asteren barruan azterketa teorikoa eta praktikoa gaindituta, gidabaimena lortu nuen. Motoa erosi, eta geroztik ez naiz handik jaitsi.
w Ibizan irlan barrena ibiltzeko erabiltzen zenuen motoa. Orain, ordea, Elgoibarren bizi arren, ez duzu alboratu.
Orain bidaiatzeko erabiltzen dut batik bat. Neskalaguna Santanderren bizi da eta bisitan motoz joaten natzaio. Baina ogi bila joateko, lanera joateko... ere hartzen dut motoa, baita euria egiten duenetan ere. Asko gustatzen zait euria ari duenean gidatzea, beti ere arropa egokia jantzita. Jendeak eroa banengo moduan begiratzen dit, baina arropa horiekin lehor-lehor joaten naiz. Ohi baino polikiago eta adiago gidatzen dut, eta beraz, gehiago gozatzen dut.

-Moto gainean bizi zarela esan genezake. Baina noizbait kalkulatu al duzu zenbat kilometro egin dituzun?
 Bai. 15 urte dira gidabaimena daukadala eta milioi erditik gora kilometro egin ditut orain arte. Ibizan bizi izan nintzenean, kilometro gutxiago egiten nituen lurralde txikia delako, baina gainontzean, urtean, 50.000 eta 55.000 kilometro artean egiten ditut.

-Kilometroak aipatu dituzu. Motoz, hainbat erronka ere bete dituzu denbora eta kilometroak uztartuta.
Ameriketan moto gainean milia ugari gidatzea oinarri duten lasterketa moduko batzuk antolatzen dituen elkarte bat dago, nahiz eta motoan ez den Ameriketan ibili behar. Iaz, Cadizen zegoen iloba bat bisitatzeko aitzakian, 1.000 milia (1.600 kilometro) egin nituen 24 orduan. Beste lehiaketa bat ere egin nuen, BMWk antolatutakoa. Hilabetean ea zeinek kilometro gehien egin zen kontua, eta nik 2.500 kilometro egin nituen 36 ordutan.

-Azken bidaian Patagoniara joan zara, baina beste leku ugari bisitatu dituzu.
Europan herrialde guztiak bisitatu ditut: Islandia, Lienchestein, San Marino, Andorra... horiek txikienak, baina gainontzeko guztiak ere ikusi ditut. Europatik kanpo Afrikan ere izan naiz, Marokon, Mauritanian, Kenyan eta Senegalen. Azkenengo horretatik behar baino aurretik itzuli behar izan nintzen Ebola gaitzaren beldur. Kenyan istripua izan nuen. Motoa bideko zulo batean sartu, irauli eta hanka gainera jausi zitzaidan, dena belztuz. Lagun bat atera zen laguntza bila eta Masaiz betetako furgoneta batekin topo egin genuen. Adineko emakume bat gerturatu zitzaigun, sorgin edo azti itxurakoa, eta lurra hartu eta hankara bota zidan txistuarekin nahastuta. Konjuru bat egin zidan, eta nik gozatu egin nuen, aurrez sekula ez zitzaidalako halakorik gertatu. Ez dakit ondoriorik izan zuen, baina hanka behintzat ez zegoen apurtuta ospitalera joan nintzenean. Japonian ere izan nintzen, eta azkeneko honetan, Patagonian izan naiz.

fernando bautista baunman TorresdelPaine Patagonia

fernando bautista baunman elgoibar motozalea plazagorria mosku

fernando bautista baunman elgoibar motozalea Sahara

2018 05 11 fernando bautista baunman elgoibar motozalea Itsukushima japonia

 fernando bautista baunman elgoibar motozalea faroa

fernando bautista baunman elgoibar motozalea idotoebe