Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa jokatuko dute asteburuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko api. 18a, 14:27

XVIII. Gazteen Gipuzkoar Aurresku eta XVII. Gazteen Soinu Zahar (Neskatxena) Txapelketako ligaxkaren jardunaldia jokatuko da asteburuan, Elgoibarko Herrriko Antzokian. Inazio Bereziartua eskolako zortzi ikaslek egingo dute dantzan.

Asteburu honetan jokatuko da Elgoibarko 17. Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa, Elgoibarko Herriko Antzokian. Apirilaren 21ean, zapatuan, 7 eta 12 urte artekoak arituko dira 16:30ean hasita. Maila honetan bi elgoibartarrek hartuko dute parte Sare Sainzek eta Malen Galarragak, hain zuzen ere. Gainontzeko dantzariak Oiartzun, Etxarri, Pasai Donibane eta Lezotik etorriko dira. 

Domekan, goizez egingo dute dantza. 12 eta 15 urte arteko neskek. Hauetan honakoak dira elgoibartarrak: Jone Gil eta Amaia Sasian. Gainontzekoak, berriz, Amasa-Villabona, Anoeta, Oiartzun, Etxarri, Zizurkil, Larraul, Asteasu eta Adunakoak.

Mutiletan 11 eta 15 urte artekoek jardungo dute, tartean lau elgoibartarrek: Markel Goenaga, Jon Etxeberria, Eneko Etxaniz eta Aimar Almortza. Dantzara etorriko diren beste mutilak Lezo, Amasa-Villabona, Ziordia, Oiartzun, Ibarra eta Alegiatik etorriko dira.

Euskal dantzak gustuko dituztenek, beraz, aukera izango dute zapatuan eta domekan herriko zein kanpoko haur dantzariak ikusteko.

 Lotura duten albisteak: