Hilabetean kontzertu bat eskainiko dute Sutegixa gaztetxean barixakutik aurrera

Barren.eus 2018ko api. 12a, 12:47

Orain artean Sinuosek egiten duen bezala, hemendik aurrera Sutegixa gaztetxean ere hilabetean behin kontzertuak eskaintzen hasiko dira. Lehen kontzertua Donostiako Albert Cavalier taldeak eskainiko du barixaku honetan, hilaren 13an.


Sinuoseko Sotoko Hotsak emanaldiekin tartekatuko dituzte Sutegixa gaztetxeko kontzertuok, beraz, gutxi gorabehera eskala bertsuko bi saio izango dira hilabetean Elgoibarren. Hori da gaztetxean kontzertuak antolatzen hasi direnen asmoa: musika estiloak ezberdinak izanik, askotariko emanaldiak zuzenean entzuteko aukera eskaintzea Sinuosekoekin batera herriko musika zaleei, nahiz eta eskala txikiagoan izan.

• Albert Cavalier taldearen emanaldia

Lehen kontzertua Donostiako Albert Cavalier taldeak eskainiko du barixakuan (apirilak 13), 23:00etan gaztetxean. Rock abesti klasikoenak bertsionatzen zituen laukote gazte donostiarra gogotsu dabil garage estiloko abestiak sortzen eta melodiak indartsu eta lotsagabeak dira. Sumatzen da Albert Cavalierrek etorkizun urbilean emango duela zeresanik. Beraz, musika arloan tokia hartzen ari den talde hau bertatik bertara entzuteko aukera izango da Sutegixan. (Informazio osoagoa albertcavalier.bandcamp.com)

• Talka eta Bi Bala, maiatzean eta ekainean

Datak oraindik zehaztu gabe badituzte ere, ekainera bitarteko datozen bi taldeak zein izango diren ere aurreratu dute gaztetxetik. Maiatzean, askotariko euskal abestiak bertsionatzen dituen Talka talde akustikoa arituko da. Ekainean, berriz, bertso-rock estilo deigarriaren erreferente den Bi Bala taldeak eskainiko du kontzertua.