Arriola ahizpak sarituak Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan

Barren.eus 2018ko mar. 20a, 15:15

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan parte hartu zuten Mendaroko Ameikutz musika eskolako bi biolin ikaslek, Nerea eta Maddi Arriola ahizpek, eta biek lortu zituzten sariak. Nereak Sochiko Arteen Neguko Nazioarteko Jaialdian hartu du parte orain gutxi, Errusian.

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan jokatu zuten, martxoaren 9tik 11ra. Hamabigarren urtea da Eusko Jaurlaritzaren babesarekin sortu zen lehiaketa hau egiten dutena.
Nerea Arriola biolin jole mendaroarrak Harizko Instrumentuen A mailan, 16 eta 20 urte bitartekoen artean, hartu zuen parte eta lehen saria eskuratu zuen. Nerearen ahizpa gazteak, Maddi, B mailan lehiatu zen eta bigarren saria eskuratu zuen, ex-aequo, Issey Martinez irundarrarekin batera. (saritu guztiak hemen)

Nerea Arriolak aurrez ere irabazi du Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa, 2016an, hain justu ere. Duela gutxi, berriz, Cidade de Vigo lehiaketa irabazi zuen Galizian.

Irakurri hemen: Nerea Arriolak BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa (BARREN 967. zenb. 2015-10-23 –PDF-)

• Errusian astebete

Nerea Arriolak Winter International Arts Festival musika jaialdi entzutetsuan hartu du parte orain gutxi Errusiako Sochi hirian. Munduko biolinista onenetarikoa den Yuri Bashmet errusiarra da jaialdiko zuzendaria. Arriolak, biolin klaseak jasotzeaz gainera, pare bat kontzertutan parte hartzeko aukera ere izan zuen. Beheko bideoan duzue horietako batean eskaini zuen saioa. Musikari gazteentzako akademia bat dute jaialdiaren barruan, eta bertan parte hartzeko gonbidapena jasi zuen gazte mendaroarrak. Astebete egin zuen Errusian, joan den otsailean.

∞ Lotura diten albisteak: