Bilbo artearen eta modaren nazioarteko plataforma gisa sustatzeko helburuarekin sortu zuten Bilbao International Art & Fashion (BIAAF) lehiaketa. Bi urtean behin antolatzen dute eta seigarren edizioa izan den honetan parte hartze marka guztiak hautsi ditu moda lehiaketa honek. 18 eta 35 urte bitarteko 90 herrialdetako 1.673 diseinatzailek aurkeztu dituzte euren lanak, duela bi urteko parte hartzaile kopurua bikoiztuz. Aurkeztutako diseinuek artearen munduan inspiratuta edo honekin zuzenean lotuta egon behar zuten.
Eneko Iturbe disenaitzaile elgoibartarrak Terre izeneko bilduma aurkeztu zuen lehiaketara. Joaquin Vaquero Palacios arkitektu eta pintore espainiarraren lanetan oinarritutako bilduma dela azaldu du. "Vaquerok Espainia barrualdeko herriak margotu zituen hogeigarren mende erdialdera, eta margolan horietan inspiratu naiz, bertan erabiltzen dituen koloreek eta tonalitateek erakarrita bereziki. Gainera, Vaqueroren lanaren bidez, epe historiko konkretu batean jarri nuen arreta, Frankismoa jasan behar izan zuten Espainia barrualdeko herrietako historian, hain justu ere. Nola bizi ziren ulertu nahian, ze janzkera zuten ikertzen hasi nintzen garai hartako hainbat iruditan". Ikerketaren emaitza, lehiaketara aurkeztu zituen hiru 'look' izan ziren. Lan horri esker finalera sailkatzea lortu du Iturbek. Izan ere, epaimahaikideek (Miriam Ocáriz, Mercedes de Miguel, Garbiñe Urdampilleta, Juana Ruiz, Javier Barroeta, Gabriel Azkoitia, Javier de Juana eta Elisa Palomino) finalerako aukeratutako 30 lanetako bat da Terre. Finalera sailkatutako diseinatzaileen artean munduko hamar diseinu eskola onenetariko ikasleak daudela azpimarratu dute antolatzaileek: "Central Saint Martins, Parsons, London College of Fashion, Shenkar, FashionInstitute of Technology, Polimoda edo Marangoni institutua. Hortaz, lehia gogorra izango du diseinatzaile elgoibartarrak, Italia, Alemania, Israel, Japon, Hego Korea, Mexiko edo Kolonbiako diseinatzaileak baitaude finalisten artean.
• Bi hilabete diseinu berriak egiteko
Finalistek bi hilabeteko epea dute hiru diseinu berri aurkezteko. Maiatzaren 18rako aurkeztu beharko dituzte. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 13an izango da Bilboko Azkuna Zentroan. 25.000 euro banatuko dituzte sarietan. Gainera, moda industriako eta kultur munduko pertsona esanguratsuek parte hartuko dutela ekitaldian aurreratu dute antolatzaileek. Finalistek aurkeztutako lanak erakusketa batean jarriko dituzte ikusgai Azkuna Zentroan bertan, ekainaren 13tik aurrera.
- Diseinatzaile elgoibartar baten ukitua igeriketa sinkronizatuko bainujantzietan (2013-07-22)
- Eneko Iturbek irabazi du Euskadiko Diseinatzaile Gazte Onenaren lehiaketa (2013-02-08)
- Saririk gabe geratu arren, Eneko Iturbe pozik geratu da Getxo Modan bizitako esperientziarekin (2012-04-20)
- Eneko Iturbe aukeratu dute 'Diseinatzaile Berriak' lehiaketako hamar finalisten artean (2012-03-14)