Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik disko berria aurkeztuko du eta Ander Mujika elgoibartarra izango du lagun. Disko honetan aldaketa handia egin du instrumentazioari dagokionez, akustikotik gitarra elektrikoa eta elementu elektronikoak lagun hartzera pasatu baita. Soinu berri horri buruz berba egin du Muguruzak BARRENi eskaini dion elkarrizketan (BARREN 1068. zenb. -PDF-)
•Elgoibarren jotzea "berezia"
Ander Mujikak "ustekabean", baina era berean poztasunez eta ilusioz hartu zuen proiektu berrian parte hartzeko Jabier Muguruzak egin zion proposamena. Napoka Irian eta beste proiekturen batzutan jardun ondoren, gogoz dihardu honetan. “Jabier Muguruza beste bide ezberdin bat egindakoa zenez, ez nuen espero, baina gustura nabil”. Gainera, egitasmo honek hainbat ikuspegitik gauza ezberdin asko ikasteko aukera eman diola dio Mujikak. “Erronka izan da. Diskoko moldaketak nik egin ditut, eta orain arte horrelako lanak egin gabea nintzenez, sormen lanerako beste modu bat ezagutu dut, eta oso pozik nago”. Zuzenekoa Elgoibarren egingo dute, eta orain arte gutxi izan direnez elkar ezagutzen ere ari dira. Diskoa lantzeko modua ere ez da oso ohikoa izan. Ander Elgoibarren, Jabier Irunen eta Carasueño Zaragozan egon direlako. “Gozatzen hasi gara, baina oraindik moldatzen gaude”. Elgoibarren jotzea, hala ere, berezia izango da beretzat, are gehiago sotoan izanda. “Elgoibarren, lagunen eta familiakoen aurrean jotzeak beti urduritu izan nau, baina polita da egiten ari naizen lan hori etxean aurkeztea. Sotoa beti izan da gure etxea. Sinüosek beti antolatu ditu kontzertuak han, beraz, hori da benetan etxean jotzea. Herriko Antzokian kontzertua ezberdina izango litzateke eta nik aukeran nahiago sotoan aritzea. Jabierren kontzertu intimoa egiteko ere Herriko Antzokia handi geldituko litzateke”.
Emanaldia 19:00etan hasiko da.