Kultur Etxeko hiru aretotan egingo dute ‘Oxido. Umore garratza’ antzezlana

Barren.eus 2018ko mar. 9a, 12:21

Mikroantzerkia euskaraz eta doan ikusteko aukera izango da gaur Elgoibarren. Antzerkia Kultur Etxeko hiru aretotan (sotoan, erakusketa aretoan eta hitzaldi gelan) ikusiko dute bertaratzen direnek.

Oxido. Umore garratza izeneko antzezlana eskainiko du gaur (martxoak 9) Pez Limbo konpainiak, Elgoibarko Kultur Etxean. Bi saio izango dira: 20:30ean, gaztelaniazkoa, eta 22:30ean, euskarazkoa eta sarrera doan izango da. Antzezlan honetan bizitzaren absurdoari aurre eginez ezohiko gertaerak bizi dituzten pertsonaia bereziak agertuko dira. Hiru gertaera barregarrik pertsonaia hauen giza harremanen eta bizi diren gizartearen herdoila utziko dute agerian. Gizakiaren gaiak hartu eta umoretik muturrera eramango dituzte. 

• Hiru espaziotan
Antzerkia Kultur Etxeko hiru aretotan (sotoan, erakusketa aretoan eta hitzaldi gelan) ikusiko dute bertaratzen direnek. Hiru mikro-antzezlanetan banatua egongo da. Hasieran, bi taldetan banatu eta bakoitzak pieza bat ikusiko du, gero trukea egin eta besteek ikusitakoa ikusiko dute. Azkenik, bi taldeek bat egin eta hirugarrena elkarrekin ikusiko dute. Madame B eta Homo amabilistaldetan banatuta ikusiko dituzte, eta Margarita Molotov, azkena, denek batera.