Motxaila asteburuan jai giroa izango da Mendaron bertso, kobako jai eta kantuekin

Barren.eus 2018ko mar. 9a, 09:58

Motxailak da mendaroarren izengoitia eta azken urteotako ohiturari jarraituz, Motxaila Asteburua egingo dute gaur eta bihar.

Gaur, hilak 9, Motxailak bertsotan bertso saioa izango da San Agustinen, 22:00etan. Maialen Olazabalen esanetara arituko dira Amets Arzallus, Maialen Arzallus, Andoni Egaña eta Jone Uria bertsolariak. 

Zapatuan, berriz, goizean goiz aterako dira motxailak 9:00etan Gaztetxetik Aitzbeltzeko kobara. Han, antzerkia, poesia galoa, ipuinak, bertsoak, espedizioa, irrintzia eta kantua izango dira. Ondoren, txartela hartua dutenek gaztetxean bazkalduko dituzte tzatzikia, salmorejoa, paella eta motxailabesoa. Bazkaloste eta gauean ez da musikarik faltako giroa alaitzeko. Txalaparta intro, Silvio eta Rodriguez eta Inozentzio eta Jo ta ito mendaroko punk taldea ariko dira arratsaldean. Iluntzean, berriz, Agosti eta Barrenarekin trikipoteo maratoia Gaztetxetik abiatuta.