Zinea eta emakumeak: ordaindu gabeko zorra

Barren.eus 2018ko mar. 1a, 12:10

Ongarri Zine Klubak emakumeek eginiko bi filmako zikloa antolatu du Elgoibarko Udalaren Berdintasun Sailarekin eta Elgoibarko Emakumeen Kontseiluarekin elkarlanean. Gaur, martxoak 1, eskainiko dute lehena: Julia Ist

Ongarri Zine Klubak merezi izan arren falta izan duten aitortza egin nahi izan die zinean aritu diren emakumeei. "Duela ehun urte baino gehiago, emakume batek narrazio zinematografikoa asmatu zuen, gertakari hori gutxi batzuk gogoratzen badute ere. Historiak ez zuen inoiz haren izena aitortu, eta denborak ahantzi egin zuen. Orain dela gutxi arte, ia inortxok ere ez zekien zinearen ama Alice Guy (1883-1968) deitzen zela; eta zinematografiaren aitzindari izan zela, Lumière anaien edo George Mélièsen aurretik. Guy izan zen, kamera batekin grabatutako irudiak elkarturik, istorio bat konta zitekeela bururatu zitzaion lehenengo pertsona", azaldu dute Ongarriko kideek. 

• Lehen euskal zuzendaria

Gainera, Euskal Herrian ere gauza bera gertatu dela azaldu dute. Mirentxu Loyarte (Iruñea, 1938) euskal zineko lehen zuzendaria dela gogora ekarri dute. "Bizitzan izandako joan-etorrien eraginez ezaguna ez bada ere, Espainiako Estatuan 1970eko hamarkadan ikusitako lan zinematografiko ausartenetako eta arriskatuenetako bat egin zuen: Irrintzi (1978). Ikus-entzunezko metafora bat da, eta euskaldunen nortasun kolektiboari buruzko hausnarketa egiten du". (ikus hemen Mirentxu Loyarteri eginiko elkarrizketa bat)

Bi zinegileak, merezi izan zuten aitorpen faltaren biktima izan zirela dio Ongarrik, eta harriturik geldituko liratekeela emakumeek egindako zinea noraino iritsi den ikusi ahal izango balute. Hala ere,oraindik egiteko dagoen bidea luzea dela dote. Gaur egungo egoeraren berri ematen duten hainbat datu eman dituzte. "Zine zuzendaritzan dabilen emakume ikasle kopurua gorabehera, Espainian egiten diren filmen % 8 besterik ez da emakumeek zuzendutakoa. Emakume gidoilarien portzentajea % 20koa da, eta 40 urte beteta dituzten emakumeentzat zaila da amarena ez den beste paper bat aurkitzea".

Ongarrik emakumeek egindako zinearen erakusgarri diren bi filma eskainiko ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Elgoibarko Udalaren Berdintasun Sailarekin eta Elgoibarko Emakumeen Kontseiluarekin lankidetzan.
Julia Ist

  • Julia Ist filma eskainiko dute gaur, martxoak 1, Herriko Antzokian (21:30). Arkitektura ikaslea den Julia da Elena Martinek zuzendutako filmeko protagonista. Erasmus beka batekin etxetik estreinakoz irtengo da, Berlinera joateko. Hiri gris eta hotzean ez du espero zuen harrera izango, eta Bartzelonako Unibertsitatean imajinatzen zuen bizimodu berritik oso urrun aurkituko du bere burua.

Alanis

  • Martxoaren 8an Alanis (Argentina, 2017) filma emango du Ongarrik, 21:30ean. Alanis prostituzioan aritzen da. Haurtxo bat du, eta bere lagun Giselarekin partekatzen du bizilekua. Bertan hartzen ditu bere bezeroak ere, baina egun batean bi polizia-inspektorek etxea itxi eta Gisela eramango dute, emakumeen salerosketa egotzita. Alanis gezurrez beterik iritsiko da bere izebaren lokalera, Miserere Plaza parean. Arraza anitzeko auzo bortitz horretatik, Alanisek ahaleginak egingo ditu bere duintasuna berreskuratu, bere lagunari lagundu eta bere semea zaintzeko. Kalean eskainiko du berak egiten dakiena, baina kaleak bere arauak ditu, eta Alanisek bere lekua aurkitzeko borrokatu egin beharko du.
    Alanis filmak hainbat sari jaso ditu zinema jaialdietan, hala nola iazko Donostiako Zinemaldian hiru sari eskuratu zituen: Anahi Bernerik zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra; Sofia Galak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra; eta Espainiako Lankidetza Saria.