Moruko Burdin Aroko herrixkako aztarnak auzolandegietako gazteek azaleratuko dituzte udan

Barren.eus 2018ko ots. 27a, 13:16

Moru mendi gailurreko pinuak botatzeko lanak hasi dituzte eta aurki garbiketa lanekin hastea aurreikusi du Elgoibarko Udalak. Era berean, Moruko Burdin Aroko herrixkako aztarnak berreskuratzeko lanak Espainiatik etorritako 18 eta 26 urte arteko gazte talde batek egingo dituela jakinarazi dute.

Moruko aztarnategi arkeologikoaren eta mendi-hegaleko burdin aroko herrixkaren aztarnak nabarmentzeko helburuarekin moztu dituzte pinuak Moru mendian, ikuspuntu zabalagoa lortzeko ezinbesteko jarduera dela-eta. Zonalde horrek dauka garrantzi arkeologiko handiena. Lanak, ahalik eta kontu handienarekin egingo direla zehaztu du Elgoibarko Udalak, zonaldean aurkitu diren gotorlekuaren aztarnak kaltetu ez daitezen. 2014. urtean aurkeztu zuen Morkaikok Moru garbitu eta han dagoen Burdin Aroko herrixka babesteko proiektua, eta Elgoibarko Udalaren esku laga du Morkaikok proiektua (informazio osoagoa BARREN aldizkariaren 1051. zenbakian argitaratutako erreportakean -PDF-).

• Herrixka berreskuratzeko lanak udan
Uda aurretik, bigarren fasean, gainontzeko pinuak bota, hondakinak garbitu eta zulaketa berriak egingo dituzte. Burdin Aroko herrixka izan zena berreskuratzeko lanekin hasiko dira orduan, intereseko kultura eta paisaia kokaleku bihurtuz. Lanak Espainiatik etorritako 18 eta 26 urte arteko gazte talde batek uztaileko hamabostaldi batean egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Auzolandegiak 2018 programaren baitan, arkeologo profesionalek zainduta. Aurrez ere egin izan dituzte auzolandegiak Morun, 2001ean azkenengoz. Aranzadi Zientzi Elkarteko kideek 60. hamarkadan aurkitu zituzten lehen aztarnak Morun. Gipuzkoan aurkitu diren burdin aroko hiru herrixketako bat da Morukoa. Ondorengo urteetan eginiko jarduera arkeologikoetan zeramika zati ugari berreskuratu ziren, Burdin Aro beraren barruan bi denboraldi identifikatuz. 2017ko hiru zundaketek ere informazio interesgarria eman zuten. Material arkeologikoak inguruan harresitutako aztarnategi guztietako denboraldi protohistorikoarekin bat egiten du eta egitura aztarnek morfologiaren berri ematen dute.
Bost informazio gune, teknologia berriekin hornituta
Ondorioak kontuan hartuta, ezinbestekoa da herriaren ondare aberastasunari merezi duen garrantzia ematea. Horretarako, Udalak, Elgoibarko paisaien ondare historiko eta arkeologikoa sustatu eta jakinaraztearen aldeko apustua egin du eta teknologia berrien bidez, informazioa zabaltzeko sistema bat martxan jartzea aurreikusi du. Bost informazio gune ipiniko ditu: sarrera nagusian, orain dela 2.500 urteko Moruko bizimodua azalduko duena; aztarnategia erakusten duen 3D animazioa; eta QR kodeen bidez funtzionatzen duten hiru ikus-entzunezko. Bideo hauek, besteak beste, azalduko dituzte: lan metodo eta teknikak, berreskuratutako material arkeologikoak, frontea eta lubakia eta hauetan aurkitutako materialak ere.

moru tontorra pinuak moztuta elgoibar buzoia

moru tontorra pinuak moztuta elgoibar

moru tontorra pinuak moztuta elgoibar 1