The Primitals antzerki musikal umoretsua eskainiko dute barixakuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko ots. 20a, 13:44

Musikak eta umoreak hartuko dute Elgoibarko Herriko Antzokia otsailaren 23 gauean. The Primitals ikuskizun musikatuan eskainiko dute Yllana antzerki taldeak eta Primital Bros-eko kideek elkarlanean.

Yllana eta Primital Bros artistak batu egin dira komedia musikal harrigarri eta dibertigarria egiteko. A cappella abestuko duten The Primitals obran tribu bati buruzko istorio bitxi surrealista kontatuko dute. Doinu bitxiek ezezik kolore biziek ere jantziko dute antzezlana.

• Abesti entzutetsuak

Lurra izan daitekeen planeta bateko lau aborigen ikus-entzuleak konkistatzeko gertu azalduko dira, beren amets eta barne borrokak baliatuz. Horretarako hamaika musika genero erabiliko dituzte: ospetsuak diren filmeetako soinu bandetako doinuak (Mission: Impossible; Kill Bill; E.T.,... ), Carmina Burana eta Sweet Dreams obretako melodiak, zein Game of Thrones telesaileko musika taularatuko dituzte, besteak beste.

Abesti entzutetsuen bertsio bereziak umorez jantziko dituzte obrako lau protagonistek (Iñigo Garcia Sanchez, Pedro Herrero, Adri Soto eta Manu Pilas), Joe O'Curneenen zuzendaritzapean.

Ez da musikal batere ohikoa, beraz, ikus-entzuleei gogotsu, esperientzia berezia bizitzeko asmoz eta barre algarak egitera joateko gomendioa egin diete antzerkigileek.

Antzerkirako sarrerak Kutxabanken edo lehiatilan erosi ahal izango dira 10 euroan (Gazte txartelarekin 7 euro).

Emanaldia 20:30ean hasiko da.