Elgoibarren eman zituen antzerkigintzan lehen urratsak, baina duela hogei bat urte Karrika antzerki talde amateurra sortu zuen Durangon, beste hainbat lagunekin batera. Ordurako, baina, antzerkigintza irakasgai moduan ezarria zuen Kurutziaga ikastolan, hango irakasle zela. Horregatik, Elgoibarren ezezik Durangon ere artista eta sortzaile estimatua izan da, eta asko dira sare sozialetan dolua agertu duten kultur sortzaileak.
Atzo, Handia filmagatik Goya saria jaso zuen Eneko Sagardoyk ere goratu zuen haren izena, saria jasotzeko unean. Izan ere, Karrika antzerki taldean eman zituen lehen urratsak Sagardoy aktore durangarrak. Baina nola diren gauzak, saria jasotzetik Durangora bueltan zetorrela jakin du Sagardoyk Txotxe hil dela. "Esnatu eta Goya saria ondoan ikusi dut. Txotxerena ezagutu dudanean, baina, bat-batean sari horrek garrantzia galdu du. Bizitza eman zidan gehien behar nuenean. Txotxe egingo dudan gauza bakoitzean eta esango dudan hitz bakoitzean entzungo dut", adierazi dio Sagardoyk Durangoko Anboto agerkariari.
Joan den urteko maiatzean Izarrak marrazten antzezlana eskaini zuen Elgoibarren Karrika taldeak, Elgoibarko Sarek antolatutako Salatzen dut asteburuaren barruan. Txotxek idatzitako antzezlana zen eta aktore lanak ere egiten zituen.
2013an, berriz, memoria historikoa sustatzeko idatzi zuen 'Lurra astinduz' antzezlana ekarri zuen Elgoibarrera. Hona hemen, Jose Martin Urrutiak BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa (BARREN 862. zenb. PDF).